INFO

Euskaraz bizitzeko hautuari bultzada eman diote Baionan

EHEk deituta, jaiak eta aldarrikapenak bat egin dute Baionan, ‘Izan, egin, eragin. Euskal Herrian euskaraz’ lelopean ospatu den Euskaraz Bizi Egunean.

Porrotx pailazoa, Baionan. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Lapurdiko hiriburuak hartu du Euskaraz Bizi Egunaren zazpigarren edizioa, ehunka euskaltzaleren parte hartzearekin.

Egunari hasiera emateko, artisau eta eragileen erakustazoka zein umeentzako joko eta puzgarriak jarri dituzte. Ondoren, Porrotx pailazoarekin gozatu dute adin guztietako gaztetxoek.

Bazkariaren ostean, Erramun Martikorenak jarri du musika ukitua.

Arratsaldean, ‘Izan, egin, eragin’ lelopean manifestazioa egin dute Baionako kale nagusietan barrena.

«Burujabe izan eta aldaketak eragiteko garaia dugu, eta horretarako ezinbesteko suertatzen zaigu geure buruak, norbanako zein komunitate, ahalduntzea. Euskaraz bizitzea norbnakoon determinazio kontua bada ere, hiztun komunitate gisara ere badugulako indarra, eta ez nolanahikoa gainera. Hortik lortuko ditugu euskaraz bizitzea nahi bat izatetik errealitate oso izatera eramango dituen aldaketak», aldarrikatu du, EHEren izenean, Gabi Darraspek.

Egitarauak oraindik jarraipena izango du, Torii talde baionarraren eta Sorkunen emanaldiekin. DJ Jotatxok emango dio bukaera egunari.