Zergatik ez hauteskundedun elkargo bat?
Antropologian maiz eztabaidatu da gure pentsamenduaren izaera bitarraren oinarri psikologikoez, ez ote den gure garunaren funtzionamendu biologikoaren ondorio dena bitan –ona ala txarra, gutarra ala bestea...– sailkatu behar hori. Ipar Euskal Herria elkargoaren sorrerarekin antzekoa gertatzen da: erraz jotzen da gutxiespenera ala gainbalioespenera. Errealitatea, ordea, bestelakoa da. Ateak ireki ditzake, ala itxi. Hautuan dago jokoa, eta denak ez daude Parisen esku.
Erraz ikusten da lehen aldiz Ipar Euskal Herri mailako erakunde bat –udalen elkargo bat bada ere– sortzeak zer nolako aldaketa ekarriko duen. Aldiz, gutxiegi azpimarratu da elkargo horren gobernantza hauteskunde bidez ez finkatzearen ondorenez. Aukera hori jaso zen hasierako lege testuetan; bultzatzaile sutsuenetakoa izan zen Colette Capdevielle euskal diputatu sozialista. Azkenean, ordea, ez zen onartu emendakin hura eta zeharkako hautatze sistemara kondenaturik geratu dira elkargoak. Noiz arte? Auskalo.
Hori dela eta, elkargo berriak halabeharrez 232 aulki izan beharko dituela kontuan izanik, praktikan 69 kidez osatutako batzorde iraunkorraren eta 20 kidez osatutako presidentedun exekutibo baten alde egin dute Hautetsien Kontseiluko eztabaidetan parte hartu duten 200 bat ordezkari politikoek. «Gobernantza itun bat, benetakoa» egiteaz mintzo dira.
Ordezkariak zeharkako sistemen bidez hautatzearen alde egiteak, ordea –udal batzarrek hautatuko dituzte elkargoko ordezkari horiek–, asko urruntzen du erakundearen jarduna eta jardun horrekiko kontrola herritarrengandik. Horren ondorenak kezkagarriak dira. Begira EB.
Aldiz, demokrazia zuzenaren aukera hor dago, legez lotesleak ez izanagatik politikoki badiren kontsulten bidez hauta daitezke elkargo berriko ordezkariak. Egin liteke; udalbatzek berrets dezakete herritarrek kontsultan erakutsitako nahia.
Egingo da? Prozesu guztia prefetaren gidaritzapean eta hautetsien artean gauzatzen ari da, hots, kontrako norabidean.