Nafarroako seinalearen itzaltzea gaitzetsi dute EiTBko langileek
Euskal Irrati Telebistako langileek elkarretaratzea egin dute Bilboko egoitzan, Nafarroan ETBren seinalea itzaltzearen aurrean beren haserrea adierazteko.
‘Euskal Telebista Euskal Herri osoan’ lelopeko pankarta batekin, eta enpresa batzordeak deituta, Bilboko egoitzaren atarian elkarretaratzea egin dute EiTBko langileek, Nafarroan LTDren bitarteko emisioak eten eta hurrengo egunean.
Zentro-arteko batzordeko presidente Andoni Basabek azpimarratu du «aberrazioa» dela Euskal Herriko zati batean telebista publikoa ikusteari debekua ezartzea.
Egoeraren jatorrian eskuin nafar eta espainiarraren «amorrualdia» dagoela nabarmenduta, afera «ahalik eta azkarren» konpontzeko eskatu du.
Ehunka lagunek elkarretaratze zaratatsua egin zuten atzo UPNren egoitza aurrean, Iruñean, alderdi hori emisioen etenaren arduradun nagusi jo baitzuten.