UPNk igandean aukeratuko ditu Kongresu eta Senaturako hautagaiak
Primarioen bitartez aukeratuko ditu igandean UPNk ekainaren 26ko hauteskundeetarako Kongresu eta Senaturako hautagaiak.
Erregionalisten Antolakuntza idazkari Jorge Esparzak azaldu duenez, igandean botoa emateko 43 mahai jarriko dituzte 20 afiliatu baino gehiago dituzten herrietan.
Hala, UPNk dituen 2.500 afiliatuen %90a bere herrian eman ahalko du botoa.
UPNko edozein afiliatuk izango du hautagaitza aurkezteko aukera, abalik bildu beharrik gabe; afiliatu ez direnek bi afiliaturen babesa beharko dute. Kasu honetan, afiliatu ez direnak hautagai izan daitezke baina ez dute botoa emateko aukerarik.
UPNren zerrenda batzordeak erabaki du hautagaitzak aurkezteko aukera bihartik ostegunera arte egongo dela irekita. Berehala jakinaraziko dira hautagaiak eta inpugnazioetarako 24 ordu izango dira.
Igande goizean zabalduko da botoa emateko aukera eta 14.00etan itxiko dira hautetsontziak, zenbaketari ekiteko.
Primarioetako emaitzak datorren astean egingo den Kontseilu Politikoak berretsi beharko ditu.
Momentuz, Iñigo Alli, Carlos Salvador eta Carlos Garcia Adanerok adierazi dute publikoki Kongresurako hautagaitza aurkezteko asmoa. Senaturako, aldiz, Pachi Yanguas eta Los Arcoseko alkate ohia, Jeronimo Gomez, dira aurkezteko asmoa agertu dutenak.