INFO

Bagoi bat gehitu zaio giza eskubideen trenari: herritarrena

Urtarrilean, Bilboko manifestazio jendetsu eta azken urteetako anitzenetakoa antolatu ondotik, erronka handi bat jarri zion Sare herritarrak bere buruari: euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko tren bat martxan jartzea. Bagoiekin, jendartearen eremu ezberdinak aktibatzea zen asmoa, eta lortzen ari dira. Horren erakusle, gaur herriz herri egiten ari diren ekintza desberdinak.

Giza eskubideen treneko Donostiako bagoia, Norteko geltokitik Easo plazara bidean. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Oñati, Bilbo, Santurtzi, Iruñea, Agurain... Euskal Herriko hainbat herritan igo da jendea gaur Sarek abiatutako giza eskubideen trenera. Gehiago batu dira arratsaldean, baita igandean ere, bakoitza zerbait desberdina aportatuz eta bagoi berezi bat osatuz.

Eguraldi petralaren aitzinean irribarre bat marraztuz, ehun bat lagunek osatu dute eguerdian Donostiako bagoia. Aterkiak izan dira trenaren sabaia Norteko geltokitik, Renfe eta autobus geltoki berria dauden puntutik Euskotren iristen den Easo plazara arteko bidean. Triki-traka triki-traka poliki-poliki ailegatu dira helmugara eta jende gehiago batu zaie plazan.

Codo eta Trenor gogoan

Kioskoaren inguruan jarrita irakurri duten testuan, bi preso izan dituzte bereziki gogoan, Amara bertakoa den Jagoba Codo eta ondoko auzoko, Egiako, Karlos Trenor.

Honetaz gain, bost eskaera egin dizkiete espainiar eta frantziar gobernuei: dispertsio politikaren amaiera; eri dauden presoen askatasuna; 70 urtetik gorako eta kondenaren bi herenak beteta dituztenen kaleratzea; iheslari eta deportatuak beren eskubideen jabe izatea, bertzeak bertze, osasuna, lanpostu duina eta eskubide zibil eta politikoak, Euskal Herrira etortzeko aukera emanez; eta «kolektibo konkretu baten kontra egiten diren salbuespenezko legeen» amaiera.

Zazpi Jauzi dantzatuz giro polita sortu da Easo plazan. Amaitzeko, familia argazki bat atera dute. Trena hartzera eta tokian tokiko bagoiak eratzera animatu dute jendea, «presoen eskubideak urratuak diren heinean, gure jendartearenak ere egunero urratuak direlako».