Pello Mariñelarena gogoan, larri gaixorik dauden presoen askatasuna aldarri
Badira 26 urte Pello Mariñelarena Etxarri Aranazko presoa kartzelan hil zela. Hori horrela, bihar bere herrian gogoan izango dute Hartu Trena! ekimenaren eta «Guk ibilitakoak gureak dira» erakusketaren eskutik. Hain justu, haren obra artistikoa erakutsi eta hark bezala gaixotasun larriren bat duten presoen askatasuna exijituko dute etxarriarrek.
Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarraren trena lepo heldu da asteburu honetara. Kalejirak, giza kateak, tailerrak eta bestelako mobilizazioak izango dira Euskal Herrian barrena. Joan den urtarrileko manifestazio erraldoiaren ondoren, Sareren trena abiatu zen, geltokiz geltoki bidaiari kopurua emendatuz, mobilizazioak biderkatuz. Asteburuon, besteak beste, Agurain, Donostia, Beasain, Oiartzun, Gasteiz... eta Etxarri Aranatz ditu geltoki. Herri nafar horretan Hartu Trena! ekimenak bat egingo du Pello Mariñelarena herriko semea omenduko duen “Guk ibilitakoak gureak dira” erakusketa ibiltariarekin.
Pello Mariñelarena gogoan
Dagoeneko 26 urte joan dira Mariñelarena Parisko Antoine Beclere ospitalean hil zenetik. Hara eraman zuten preso etxarriarra Fresnes espetxeko ospitaletik, hiesa diagnostikatu ziotenetik mediku arreta eskasa jasan ondoren, orduan salatu zutenez.
Pello 30 urte besterik ez zituela hil zen, egungo gazte asko jaio aurretik, eta horiek baino zaharxeagoek ere ez dute egun hura gogoan izango. Bihar, baina, bere herrian gogoratuko dute bere lagun eta auzoek, Etxarri Aranatzera agertzen den orok.
Aldi berean, haren alderdi are ezezagunago bat, artistikoa, erakutsiko dute Pelloren marrazki eta margoak, poemak, gutunak, gogoetek osatuko duten erakusketa ibiltarian.
1987an, droga mendekotasuna gainditzeko ahaleginean Galizian zela, ihesari eman behar izan zion, bere zenbait lagun atxilotu zituztela jakindakoan. Luze gabe helduko zion ibili gabe zuen zaletasun bati: pinturari, eta ez hala moduz. Ehunetik gora koadro egin zituen –klandestinitatean lehenbizi eta kartzelan ondoren– olioz, akuarelaz, ikatz-ziriz edo sanginaz, baita bakarren bat bolalumaz ere. Paisaiak, erretratuak, gorputzak… Autore ezagunen lanek iradokitakoak zein bere baitatik sortutakoak. Estilo aniztasuna sumatzen da haren obran, pintura-joera desberdinen eragina. Eta pinturarekin batera, beste zaletasun bat ere garatu zuen ihesean eta kartzelan: poesia. Bihar Etxarri Aranatzen izango da haren obra ikusteko, haren esku trebearen berri izateko aukera. Eta haren sentsibilitatea nabaritzekoa, idatzietan ere aise suma daitekeen sentsibilitatea.
1993an, etxarriarra hil ondoren, Amnistiaren Aldeko Batzordeek margo eta idatzi horietako asko bildu eta “Pello” izenburuko liburu ederrean argitaratu zituzten. Duela bi urte, Ataramiñek, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen sorkuntza lanak sustatu eta argitaratzen dituen elkarteak, sarean jarri zuen liburua, hainbat formatutan deskargatzeko moduan.
Mariñelarenaren omenezko ekitaldiak atzo hasi ziren, eta bihar beste hainbat ekitaldi izango dira herri nafarrean: “Guk ibilitakoak gureak dira” erakusketaren mustutze edo inaugurazioa; Uribe Crew grafitilarien horma-irudia; Artie Kalia taldeak zendutako presoaren margoek iradokitako poltsa eta elastikoak aterako ditu kalera; Altsasuko Arte Bide taldearekin, parte-hartzeko moduko sormena; eta Pelloren olerkietatik abiatuta hainbat idazle, bertsolari eta musikarik tabernetan eskainiko dituzten errezitaldiak.
Mariñelarena gogoratu eta haren obra ezagutaraztearekin batera, hirugarren helburu bat ere badu biharko ekimenak, Pello kartzela baldintza kaskarretan bizi izan zela eta mediku-arreta eskasa jaso zuela salatzetik haragokoa: duela 26 urte gertatu zenaren salaketa gaur egun antzeko egoeran dauden euskal presoen askatasuna exijitzeko ere baliatu nahi dute.
Gaur egungo preso eriak
Izan ere, Pello Mariñelarena ez da kartzelan hildako lehen euskal presoa, haren aurretik zortzi lagunek galdu baitzuten bizia kartzelan, giltzapean garatutako gaixotasunen ondorioz edo hango baldintza latzek hartaratuak. Eta ez da, era berean, baldintza horietan hildako azkena, ezta hurrik eman ere, 1993ko maiatz hartatik beste hemeretzi euskal preso hil baitira.
Gaur egun espetxean larri gaixorik dauden lagunen zerrenda luzea da, zenbakiak gero eta potoloagoak, gero eta ikaragarriagoak, are gehiago kartzela, berez eta bereziki euskal presoei ezarritako salbuespen baldintzetan, preso horientzako arrisku larri eta etengabea dela jakinda.
Jaiki Hadi prebentzio eta asistentziarako elkarteak berriki argitaratu duen “Espetxea eta osasuna” txosten mardularen arabera, hamar euskal presok, duten gaixotasunaren larria dela-eta, kalean izan beharko lukete. Baita zortzi gehiagok ere, egoera analogoan baina beren izenak jendaurrean agertzerik nahi ez dutenek. Hemezortzi lagun, beraz, muturreko egoeran.
Kasu larrienak dira horiek, baina ez bakarrak. Denetara 97 euskal presok eraman behar dute beren kartzelaldia eritasunen bat, fisikoa zein psikikoa, jasanda. 97 lagun, 385 kideko kolektibo batean. Beraz, kolektibo horren laurden batek pairatzen du gaitzen bat, osatze bidean jartzeko lekurik kaltegarrienean eta baldintzarik latzenetan.
Sarek ohartarazten duenez, euskal presoei ezarritako salbuespen baldintzak eta haiekiko jokaerak denentzat dira kaltegarriak osasunari dagokionez, baina preso eriengan ondorioak are kaltegarriagoak, arriskugarriagoak dira. «Espetxetik osasun-zentro edo ospitaleetarako bidean, jarrera agresiboak ohikoak dira trasladoetan. Orokorrean, presoak eskuburdinak jarrita izaten ditu denbora guztian, eta agenteek osasun-gelatik ateratzeari uko egiten diote, presoari dagozkion intimitate eta konfidentzialtasun eskubideak urratuz», salatzen du sare herritarrak. Jarrera erasokor hori batzuetan osasun zerbitzuetako profesionalek eurek ere erakusten dute. Urrunera gabe, duela bi aste Gorka Fraile preso durangarra Badajozko ospitalera eraman zuten proba bat egin ziezaioten, mingaineko minbizia baitu. Proba egin behar zioten makinara sartzeko momentuan, poliziek eskuburdinak kendu zizkioten, baina proba egin behar zuen profesionalak presoa berriro lotzeko eskatu zien. «Espetxe batetik besterako trasladoetan txosten medikoak galtzea ere ez da arraroa, edota, traslado bat dela eta, diagnosia egiteko beharrezkoak diren probek atzerapen handia sufritu behar izatea», jarraitzen du sare herritarrak.
Segurtasuna izaten da bidegabekeria askoren aitzakia. Esate baterako, konfiantzako sendagile batekin harremanetan jartzea debekatzeko. Hartarako eskaera gehienak atzera botatzen dituzte. Eta betiere medikuaren eta presoaren arteko harremana kartzelaren kontrolpean egoten da. «Horrek guztiak, noski, kasuen jarraipena oztopatzen du, batez ere gaixotasun mentalen kasuetan».
Kartzela azken hatsa emateko utzi
1981etik 28 euskal preso hil izana ikaragarria da, baina ez harrigarria, kartzelara sartu bezain laster aurre egin beharreko egoera ezagututa. Guztiz onartezin baina ulergarria da kasuistika beldurgarri hori, gaixorik dagoenari emandako «tratamendua» kontuan izanda. Hainbat euskaldun preso ziega goibel batean hil dira azken hamarkadotan, bakarrik, alboan inor izan gabe, begirada lauso batez azken agurra adierazteko ere aukerarik gabe. Edo, Pello Mariñelarena bezala, ospitale urrun batean, poliziaren baten begiradapean. Horrelaxe eman dute azken hatsa hamazortzi euskaldunek.
Beste hamar, berriz, kartzelatik kanpo hil dira, barruan garatu eta guztiz babesgabe jasandako gaixotasunen ondorioz. Ez dago jakiterik lehenago kaleratu izan balituzte beren gaixotasuna gainditu edo gutxienez bizirik iraungo zuketen, ez dago jakiterik tratamendu eta tratu egokiago batez heriotza saihestuko zuketen. Ez dago jakiterik, hartarako aukerarik ere eman ez zietelako. Ondo jakina da, ordea, kartzela eta “segurtasunaren” izenean ezarri zizkieten salbuespen neurriak ez direla edozein eritasun osatze bidean jartzeko aproposenak eta bai berebiziko testuingurua edozein gaixotasunek okerrera egin dezan.
Etxarri Aranatzen geldituko da bihar euskal presoen eskubideen aldeko trena eta handik jende gehiagorekin, arrazoi gehiagorekin abiatuko da hurrengo geltokirantz.