INFO

Epaiketa politikoekin amaitu beharra dagoela aldarrikatu dute Ezkaba mendiko gotorlekuan

Iturrama eta Antsoaingo Libre ekimenak antolaturik 200 bat lagunek bat egin dute gaur goizean epaiketa politikoak amaitzeko Ezkaba mendira antolatu zen ibilladian. Antsoaindik abiatu dira lokatzari eta aldapari aurre eginez. Baita ere identifikazioak eskatu dituen Guardia Zibilari.

Ezkaba mendiko gotorlekuaren atarian egin zen ekitaldia. IÑIGO URIZ (ARGAZKI PRESS)

Antsoaingo Rosa Iriarte eta Iturramako Eneko Compainsek asteartetik aurrera epaitegi politiko berri bat aurre egin behar izango diote, beste zazpi kiderekin batera. Hori dela eta, Compainsek hartu du hitza San Cristobal gotorlekuaren atean egin den ekitaldian. Toki hori aukeratzea ez dela kasualitatea nabarmendu du.

«Gaur zortzi, maiatzaren 22an, 78 urte beteko dira Ezkabako ihesetik, 78 urte, Errepublikaren aldeko 795 presok, Europako historian inoiz eman den ihesaldi handiena egin zutenetik. Komunistak, anarkistak, sozialistak zein abertzaleak; bertakoak eta kanpotik etorriak. Guztiak askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren aldeko borrokalariak. Horregatik bada, bihoakie haiei gure omenaldirik sentituena. Agur eta ohore lagunak! Heroiak zarete! Izan zinetelako gara», adierazi du Compainsek.

Duela 78 urte bezala, disidentzia politikoa zigortzen jarraitzen dutela gaineratu du Iturramako auziperatuak. «1978tik hemen demokrazia badela kontatzen digute, baina guk badakigu hori ez dela horrela. Izan ere, azken hamarkadetan milaka dira askatasunaren aldeko borrokan estatuen eskuetan bahiturik egon direnak», esan du Compainsek. Horien abidibide, Auzitegi Nazional espainolak presoen alde lan egiteagatik auziperatu berri dituen 47 euskal herritarrak. Hauen artean, bada Iruñerriko talde zabala: Mikel Almandoz, Asier Aranguren, Nagore San Martin, Oihana Barrios, Jon Garai, Imanol Karrera, Sergio Labayen, Eneko Villegas, Amaia Izko eta Jaione Karrera.

Eta hauekin batera, beste bederatzi euskal herritar asteartetik aurrera epaituko dituzte Madrilen lan politikoa egiteagatik, artean Iriarte eta Compains. «2010eko irailaren 14an atxilotu gintuzten, baita lau eta 5 egunez gupidagabeki torturatu ere. Ondotik espetxea eta dispertsioa, bi urtez. Eta orain, lau urtez behin behineko askatasunean egon eta gero, espetxe zigor eskaera gogorrei aurre egin behar; 9 eta 15 urte bitartekoak», gogoratu du.

Azken asteotan erakundetab, unibertsitatean, kalean, herrietan, auzoetan ekitaldi ugari egin dituzte epaiketa politikoekin amaitzeko eta salbuespen legediaren abolizioa eskatzeko. Honekin batera, torturak badirela onartzea eta inpunitatearekin amaitzea era eskatu dute. Eta guzti hau lortzeko, ezinbestekoa den jendartearen konpromisoa eskatu dute.

Gau lortu dute konpromisoa. Eta giro alaian gainera, Iturramako bertsolariek eta Iturrama Kantuzen aportazioari esker. Eta bide malkartsua egin eta gero banatu duten txistorra eta ardo basoerdiari esker.