INFO

Baionako merkantzia zentroa blokeatu dute lan erreformaren kontrako protesta egunean

Frantses Estatu guztian Gobernuaren lan erreformaren aurkako zazpigarren protesta eguna dute deituta gaurko. Kamioilariek errepideak blokeatzeko deia egin dute. 07:30ean ekintza hau egin eta gero, 11:00etan mobilizazio nagusia izan da Baionako kaleetatik.

Baionako manifestazioaren irudia. (Isabelle MIQUELESTORENA)

François Hollanderen lan erreformaren aurkako protestek aurrera jarraitzen dute eta gaur zazpigarren protesta eguna deitu dute frantses Estatu guztian, azkenekoa asteartean izan zen. Milaka pertsona ari dira kalera irteten.

Baionan, gaur, bi hitzordu daude deituta. Lehena 07:30ean zen, eta Jusque au Retrait kolektiboko 100 bat pertsonek bertako Europako merkantzia zentroa blokeatu dute, Kazetak jakinarazi duenez. 11:00etan aldiz, manifestaldia burutu dute Lapurdiko hiriburutik.

Jusqu'au retrait kolektiboak gaur antolatutako ekimenaren xedea «ekonomia blokatzea» zela iragarria zuen, eta horrela egin du. Honen ostean, kolektiboak biltzarra antolatu du mobilizazioaren jarraipena erabakitzeko. Hain zuzen, mobilizatu direnen erdia Baionako martxara joatea erabaki dute eta beste erdia blokeoan gelditzea.

Protesta hauen aurrean, François Hollande presidente frantseak «ez dutela atzera eginen» adierazi zuen eta lan erreforma aurrera aterako dela berretsi. Manuel Valls lehen ministroak erreformaren aurkako zentsura-mozioa gainditu zuen.