INFO

Euskal Estatuari baietz esateko hamaika arrazoi aurkeztu ditu Independentistak sareak

Independentistak sareak Urretxun egin duen agerraldian, 11 arrazoi aurkeztu ditu «Euskal Estatuari bai esateko». Era berean, ekainaren 5ean ospatuko diren galdeketen harira, Euskal Herriarren etorkizunaren inguruan hausnartzeko «une oso egokia» dela iritzi dute.

Urretxun 11 arrazoi eman dituzte Euskal Estatuari baietz esateko. (ARGAZKI PRESS)

«Guztiontzat eta guztion artean eraiki beharko dugun etorkizunari buruz hitz egiteko ordua da», adierazi du Independentistak sareak Urretxun egindako agerraldian. Bertan, datorren ekainaren 5ean Goierri, Debagoiena, Aramaio, Azpeitia eta Ispasterren burutuko diren galdeketen harira, «Euskal Estatuari bai esateko» 11 arrazoi aurkeztu dituzte.

Honela, Euskal Herria munduan aitortua izan eta «biziraupena bermatzeko» ezinbestekotzat jo dute independentzia. Era berean, «demokrazia parte-hartzailea, zuzena, hurbila eta herritarra» aldarrikatu dute. Zentzu honetan, «etorkizun ekonomiko eta soziala eraikitzeko burujabetza osoa» beharrezkoa dela nabarmendu dute.

«Justizia sozialean, berdintasunean, eta eskubide sozialetan oinarritutako jendarte solidarioa eraiki nahi dugu», gehitu dute. Euskararen garrantzia ere azpimarratu dute «herritar eleaniztunez osatutako herria» eraikitzeko. Horretarako «hezkuntza sistema propioa» aldarrikatu dute eta hezkuntza horretatik ateratzen diren gazte eta hurrengo belaunaldiei, Euskal Herrian geratzeko «etorkizun bat eskaintzea» defendatu dute.

Gaur egun indarrean dagoen eredu patriarkala gainditzeko aukera bezala ere lehenetsi dute independentzia. «Ustelkeria, genero indarkeria, diskriminazioa, esklusio soziala eta arrazakeriarekin ere behin betiko bukatu behar da», gaineratu dute.

Honela, datozen bi urteotan ospatuko diren herri galdeketen garrantzia azpimarratu dute. «Ildo horri begira beharrezkoa eta premiazkoa da agenda politikoan eragin prozesua bultzatuko duen subjetu politikoa metatu eta aktibatzea».