Noaingo Martxak Piarres Nafarroakoren bosgarren mendeurrena gogoratuko du
Ekainaren 25ean Nabarraldek Noain Martxaren edizio berri bat ospatuko du, "1516-2016 Piarres Nafarroakoa" lemapean. Urtero bezala, aurten ere Noain Aste Kulturaleko hitzaldi zikloa eskainiko da aurretik, ekainaren 20, 22 eta 24ean, Bixente Serrano Izko, Xabier Irujo Amezaga eta Luis Maria Martinez Garate hizlariekin.
Urteurren berezi batekin bat egingo du 2016 Noaingo Martxak: Nafarroako berreskurapenaren bigarren saiakera handiaren 500. urteurrena. Horretarako, Nafarroako historiaren baitan ezinbesteko papera izan zuen pertsonaia ahaztu bat berreskuratu nahi izan du Nabarraldek: Piarres Nafarroakoa mariskala.
Preseski 1516an preso hartu zuten gaztelarrek Nafarroako armadaren buru zena eta Iruñean barrena, kalez kale, erakutsi zuten kaiola batean sartuta, iruindar guztiek izan zezaten. Urte hartan hil zen Fernando Aragoikoa, Gaztelako erregea; baita Juan Albretekoa, Nafarroako errege zena. Urte hartan hasi zen, Nafarroako gazteluen suntsiketa sistematikoa ere.