INFO

Iruindarrek gaurtik aurrera erabakiko dute nork jaurtiko duen aurtengo txupinazoa

Paris 365, Iruñeko Peñen Federazioa, Tuli, Sanferminak Berdintasunean taldea, Hipotekak Kaltetutakoen Plataforma eta Oberena dantza taldea dira hautagaiak. Gaurtik hasita eta ekainaren 17ra arte dago bozka emateko epea irekita.

Iaz, Asironek txupinazo Orfeon Pamplones eta La Veleta peñarekin elkarbanatu zuen. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Aurten iruindarrek erabakiko dute sanferminetako txupinazoa zeinek jaurtiko duen, eta gaur abiatuko den bozketarekin aukeratuko dute. Sanferminetako mahaiak sei hautagai aurkeztu zituen: Paris 365, Iruñeko Peñen Federazioa, Tuli, Sanferminak Berdintasunean taldea, Hipotekak Kaltetutakoen Plataforma eta Oberena dantza taldea. Lehen aldiz aukeratuko da herri galdeketa baten bitartez.

Gaurtik hasita eta hilaren 17ra bitarte, herritarrek Iruñeko Udalaren webgunean, 948 420 100 telefonoan edo nafar hiriburuko Civibox desberdinetan egonen da bozka emateko aukera. 

Iruñean erroldatutako 18 urtetik gorakoek dute bozka emateko eskubidea. Udalak jakinarazi duenez, bi hautagai berdinduta geldituko balira, elkarrekin jaurtitzea proposatuko litzateke.