INFO

Geroari begiratzeko, Agurainen Araba Euskaraz

‘Geroari begira’ lelopean, milaka euskaltzale bilduko dira Aguraingo Lautada ikastolak antolatuta ospatzen ari den Araba Euskaraz jaialdian.

Jendetza bildu da Agurainen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Arabako ikastolek egun handia dute gaur. Aguraingo Lautada ikastolak antolatuta, geroari begira jarri nahi dute, hori baita aurtengo ediziorako aukeratu duten leloa.

Hasierako ekitaldian, ikastolen eta, oro har, hezkuntza sistemaren kalitatea goresteaz gain, Estatu espainolak inposatzen dituen neurriak gaitzetsi ditu Cristina Uriarte sailburuak.

Agurainera gerturatzen den ororentzat lau guneko ibilbidea prestatu dute eta ez da egitekorik faltako: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, Erronka, bertsolariak, magia, batukada edota Eratu, Hesian eta McOnak taldeen kontzertuak.

Haurren hezkuntza euskaldunaz gain, hizkuntzan helduek duten garrantzia nabarmendu nahi dute aurtengoan Lautada ikastolakoek, eta horrexegatik, aurtengo omendua Aguraingo AEK izango da.