INFO
Elkarrizketa
Biki Belategi

«Gai izango bagina egunero ikasgelara sartzean arnasteko eta norbere barruari begiratzeko, beste era batean funtzionatuko genuke»

Mindfulness eta Hezkuntza Kontzientean Unibertsitate espezialista eta Erainen trebatzaile eta aholkularia da Biki Belategi. Mindfulness edo Arreta Osoa hezkuntzara eramateko teknikak proposatu ditu Baionako AEK euskaltegian emandako udako ikastaroan.


Hezkuntzan, bai ikasgeletan baita pasabide eta jolastokietan ere, zarata handia dago; eta zarata hori, fisikoa ez ezik, psikologikoa ere badela diozu: ikasle eta irakasleek egonezina dutela.
Bai, halaxe da. Badaude zenbait eskola giro lasai eta goxoa dutenak, bai ikasgela barruan baita jolastoki eta gainerako gune komunetan ere, baina orokorrean, estres handia egoten da. Nolanahi ere, uste dut garrantzitsua dela ikustea estresaren zati nagusia etxetik ekartzen dutela umeek, familiaren egunerokotasuneko presa eta egonezinetatik datorrela, eta hau ere, daukagun gizartearen erritmoaren isla dela.

Mindfulness edo Arreta Osoa da ikastaroan proposatuko duzun estrategia egonezin hori baretze aldera. Azken urteotan asko zabaltzen ari da gurean, eta askok ezagun izango du, baina azalduko zenidake zertan datzan?
Mindfulnessa gure bizitzan eta gure inguruan gertatzen denaz kontziente izateko praktika bat da, meditazioaren bidez entrenatzen dena. Gure burua hobeto ezagutu eta besteena ere hobeto ulertzera eramaten gaitu, hortaz, autoezagutza eta elkarbizitzarako bide bat dela esan genezake. Meditazioan arreta orain eta hemen jartzen dugu, behaketa objektu batean zentratuta: normalean, arnasean. Askotan esaten denaren kontra, ez da “ezertan ez pentsatzen” saiatzea, baizik eta behatu nahi dugun horretan –arnasa, sentsazioak, emozioak, pentsamenduak- mantentzea arreta, edo hobeto esanda, etengabe joaten den arreta behin eta berriro gure xedera ekartzea.

Zein onura ekar ditzake Arreta Osoak hezkuntzaren munduan, ikasle zein irakasleentzat?
Batetik, lehenago aipatzen genuen estres hori gutxitzen lagundu ahal digu meditazioak, ikasle eta irakasle bakoitzari bere barrura jo eta hor dugun espazio horretan atseden hartzeko aukera eskaintzen diolako. Bestetik, espazio horretatik gauzak beste ikuspuntu batetik aztertzeko aukera daukagu, erreakzionatu beharrean gure ekintza nondik bideratu nahi dugun erabakitzeko, eta baita ikusteko gauzak eta gertakariak diren bezala direla, ez guk nahi dugun bezala, eta onartze horrek ere lasaitasun handia ematen du. Azken alderdi bi horiek elkarbizitzarako onura handiak ekar ditzakete.

Imaginatzen dut proposatuko dituzun teknikak baliagarriak izango direla adin guztietako ikasleentzat, ala?
Bai, jakina. Haur Hezkuntzan hasi eta helduen prestakuntza programetara izan daiteke baliagarri, eta bereziki nerabezaroan, bai DBHn eta Batxilergoan, baita Lanbide Heziketan eta CIPetan ere. Azken horietan oso esperientzia politak izan ditugu. Etapa eta ziklo bakoitzak berariaz egokitutako materialak behar ditu, baina funtsean, berdin-berdin egin daiteke lan.

Teknika horiek saioetan integratzeaz gain, irakaskuntzan egin beharreko aldaketa orokorragoak ere egongo dira, norabide horretan egin nahi bada.
Irakaskuntzarako aldaketen proposamenek monografiko bat hartuko lukete, baina oso era soil eta xumean, gai izango bagina egunero ikasgelara sartzean arnasteko eta norbere barruari begiratzeko pare bat minutu hartzeko, bai ikasleek bai guk beste era batean funtzionatuko genuke.