INFO

Preso gaixoen askatasuna eskatuz, manifestazio nazionala deitu dute irailaren 24rako

Larriki gaixo dagoen Jose Ramon Lopez de Abetxuko presoaren askatasuna eskatuz zeharkatu dituzte ehunka lagunek Gasteizko kaleak. Mobilizazioaren amaieran data berri bat proposatu dute larriki gaixo dauden presoen kaleratzea eskatzeko: irailaren 24an Donostian.

Jose Ramon Lopez de Abetxukoren askatasuna eskatuz manifestazioa egin dute Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Sarek deituta, ehunka izan dira Gasteizen larriki gaixo dagoen Jose Ramon Lopez de Abetxuko presoaren berehalako askatasuna eskatzeko bildu direnak. Ideologiak alde batera utzita, sufrimenduari eta giza eskubideen urraketei amaiera ematea exijitu dute.

Jose Ramon Lopez de Abetxuko gasteiztarraren adibidea erabili dute horretarako; «larriki dago gaixo eta jarri zioten zioten zigorra baino luzeagoa ari da betetzen, Estatu espainiarrak ez diolako zigorren zenbaketa aintzat hartzen».

Baina oroitarazi dute hamar direla espetxean gaixorik dirauten euskal presoak, «mendekuan oinarritutako espetxe politika baten adierazpen gorenak direnak». Zentzu horretan, Gobernu espainiarraren eta justizia espainolaren arteko harremana salatu dute, honen ondorioz erabat politikoa den espetxe politika inposatzen dutela gaineratuz.

Hori hala, euskal gizarteari zuzendu dira eta larriki gaixo dauden presoen eskubideen defentsan aritzeko eskatu diote. Horretarako data berri bat ere proposatu dute: irailaren 24an Donostian. Bertan, arratsaldeko 17.00etan eta Boulevardetik hasita, larriki gaixo dauden euskal presoen berehalako askatasuna aldarrikatuko dute.