Larrialdi egoera sei hilabetez luzatzea aztertzen ari da Hollande
François Hollande frantses presidenteak baieztatu du larrialdi egoera beste hiru hilabetez luzatzea aztertzen ari dela, guztira sei hilabeteko tartea osatuz. Esan duenez, herritarren «segurtasuna bermatzea» da neurri horren lehentasuna.
«[Nizako] Erasoa gertatu zenean, eta oraindik ez dakigu erreplikarik izango duen, larrialdi egoera hiru hilabetez luzatzea zen nire ardura, Gobernuarena eta Parlamentuarena. Beste hiru hilabeteko luzapenean pentsatzen ari gara», esan du Hollandek, Lisboara egiten ari den bidaiaren baitan.
Frantses presidenteak esan du lehentasuna herritarrak babestea dela, baina argituz ez duela Konstituzioaren aurka doan neurririk hartuko.
Uztailaren 14an, Parisko atentatuen ostean ezarritako larrialdi egoera bertan behera gelditzen zela iragarri zuen Hollandek. Azaroaren 13an frantses Estatuko hiriburuan izandako erasoetan 130 pertsona zendu ziren.
Iragarpena egin eta ordu batzutara jazo zen Nizako erasoa, 84 hildako utzi zituena.
Azken atentatu honen ondotik, Gobernuak adierazi du larrialdi egoera luzatu egingo duela, printzipioz hiru hilabetez, baina seitara luzatzeko aukerari ateak itxi gabe.