‘American Pastoral’, Ewan McGregorrek zuzendutako lehen filma, Sail Ofizialean lehiatuko da
Ewan McGregorrek kameren atzean eginiko lehen lana, ‘American Pastoral’, Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiatuko da. Filmaren Europako estreinaldia izango da.
2012an Donostia Saria eskuratu zuen Ewan McGregor aktore eskoziarra Sail Ofizialean lehiatuko da aurten, zuzendu duen lehen lanarekin, ‘American Pastoral’ filmarekin.
Philip Roth idazlearen izen bereko eleberria du oinarri (Pulitzer saria eskuratu zuen nobela horrek), eta AEBetako familia baten kontakizuna egiten du hainbat hamarkadatan. Euren bizimodu idilikoa txiki-txiki eginda geratuko da, Ameriketako Estatu Batuetako kultura-egitura betiko aldatu zuen asaldura sozialak eta politikoak eraginda.
McGregor (‘Salmon Fishing in the Yemen’, ‘Beginners’) zuzendari-lanetan hasi da, eta Seymour Levov suediarraren papera egin du, institutuan atleta bikaina izandakoa eta egun negozio-gizon arrakastatsu bihurtua.
Dawn izeneko edertasun-erregina izandako emakume batekin ezkonduta dago. Baina haren bizitza zoragarri horren atzean laino beltzak ageri dira. Haren alaba Merry desagertu egingo da, indarkeriazko ekintza bat egin izana leporatu ostean, eta suediarra alabaren bila hasiko da, familia elkartu nahirik. Baina aurkituko duenak barruak nahasiko dizkio. Azalean ageri denari baino gehiagori begiratu beharko dio, eta inguruan duen munduko kaosari heldu: AEBetako familia bat bera ere ez da lehen bezalakoa izango.
‘American Pastoral’ filmaren antzezle-taldean, honakoak ere ageri dira: Jennifer Connelly (Oscar sariaren irabazlea ‘A Beautiful Mind’ filmean egindako lanagatik), Dawn antzezten; Dakota Fanning (‘The Runaways’, ‘The Twilight Saga’) Merry alabarena egiten; Uzo Aduba (Emmy sariaren irabazlea ‘Orange Is the New Black’ telesailean egindako lanagatik) eta David Strathairn (‘Lincoln’, ‘Good Night and Good Luck’).
John Romanok egokitu du 1997an argitaratutako eleberria. Aurretik ere egin ditu tankerako egokitzapen-lanak zinemarako, hala nola Michael Connelly idazlearen ‘The Lincoln Lawyer’ eta ‘Intolerable Cruelty’ obraren gidoia. ‘American Pastoral’ Trilogia Amerikarra izenez ezagutzen denaren lehen zatia da; sorta berekoak dira ‘I Married a Communist’ eta ‘The Human Stain’. Azken horren zinemarako egokitzapena ere LakeShore etxeak ekoitzi zuen, eta Robert Bentonek zuzendu 2003an.
Ewan McGregor (Perth, Eskozia, 1971) hirugarrenez etorriko da Donostiara, eta bere belaunaldiko aktorerik onenetako bat bezala jotzen dute. Donostia Zinemaldian aktorearen lanik garrantzitsuenetako batzuk izan dira: lehendabiziko lana, ‘Shallow Grave’ (1994), Danny Boylek zuzendua, zuzendari hasiberri onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuena; Mark Renton heroinomanoaren interpretazioa ‘Trainspotting’ filmean (hori ere Boylek zuzendua), 1996an belodromoan 2004ko Incorrect@s atzera begirako zikloan emandakoa; ‘Moulin Rouge’ filmaren emanaldia, belodromoan hura ere (2001), eta Donostiara lehendabizikoz ekarri zuena; ‘The Ghost Writer’ (2010), Roman Polanskik zuzendua, FIPRESCI Sari Nagusia lortu zuena; ‘Perfect Sense’ (2011), Culinary Zinema sailaren lehendabiziko edizioan; eta, azkenik, ‘The Impossible’ (2012).
Azken film horrekin itzuli zen Donostiara, Zinemaldiaren 60. urteurrenean Donostia saria jasotzera. Zinemaldiak ematen duen ohorezko sari handiena irabazi duen aktore gazteena da.