INFO

Mila haurrek sufritzen dute dispertsio politika

Dispertsio politikaren ondorioen inguruko txostena aurkeztu du Etxeratek, bereziki haur eta adingabeengan arreta jarriz. 27 urtetan 5.000 umek baino gehiagok jasan dituzte kartzela politika honen eraginak: bizia arriskuan jarriz, astebururo bidaia luzeei aurre egin beharra, detektagailu eta katxeoak, ehunka kilometro egin ondoren bisitarik gabe uzten dituzten arbitrariotasunak... Gaur egun, mila haur inguru dira kalte hauek sufritzen dituztenak. Halere, Etxerat errolda osatzen ari da oraindik.

‘Dispertsioaren haurrak’ txostena aurkeztu du Etxeratek. (ARGAZKI PRESS)

Gaur goizean Patricia Velezek eta Naike Diezek hainbat seniderekin batera eman duten prentsaurrekoan nabarmendu dutenez, dispertsio politikaren «lehendabiziko jomuga» dira euskal preso politikoen familiak. «Gure oinazearekin interes politikoak espero dituzte, eta lortzen ez dituzten bitartean, gure eskubide oinarrizkoenak inpunitate osoz urratuz jarraituko dute».

Esplikatu dutenez, oinaze horrek ez du bereizketarik egiten eta ume eta adingabekoentzat ondorioak «askoz larriagoak» dira. Era berean, «indar politiko eta erakundeen ardura ere handiagoa da» presoen seme-alaba, anai-arreba, iloba edota biloben errealitatean. «Dispertsio politikarentzat haurren eskubideak ez dira existitzen, eskubideak ez direlako existitzen».

Lehendakarien ardura

Prestatu duten txostena hartuta, lehendabiziko kontaktuak hasi dituzte erakundeekin. Bereziki EAEko eta Nafarroako lehendakariei dagokien ardura eskatuko dietela azaldu dute Etxerateko kideek, «oso larria litzatekeelako gai honetatik urruntzea».

Baina erakunde eta indar politikoei aurkezteaz gain, jendarteari plazaratu nahi diote dokumentua, politika honen ondorioen isiluneari aurre egiteko. «Gizarteak ezagutu eta baloratzeko eskubidea duela uste dugu», azpimarratu dute. Beren webgunean eskuragarri dago txostena.