INFO

Otegi: «Euren injustizien aurrean proposamenak ditugu guk»

Bilbon aurkeztu du Arnaldo Otegik eta bere lantaldeak ‘Denon herria’ proposamena. Eztabaida antzuetan, tranpetan erori gabe, orokorkerietatik proposamen zehatzetara salto eginez politika egitea, herri bat eraikitzea. Horixe Arnaldo Otegik eta bere lantaldeak esku artean duten erronka. Ez da nolanahikoa, baina urrats bat badu emana: ilusioa sortzearena.


Txalo artean eman zioten ongietorria Arnaldo Otegiri Bilboko Euskalduna jauregian. Berak eta bere lantaldeak jasotako harrera beroaren ostean proiektua zehazteari ekin zioten; izan ere, hori izan da azken egunetan nabarmendu nahi izan dutena, asko dutela proposatzeko.

Hala ere, Otegik ez zion ihes egin inhabilitazioaren gaiari eta goizean adierazi zuen moduan lanean jarraitzea izango da bere erantzuna. «Ezin gara espainiar injustiziari begira gelditu. Ez gaitezen beraien tranpetan erori; guk euren injustizien aurrean proposamenak ditugu».

Hori dela-eta, nabarmendu zuen hurrengoa ezin dela legegintzaldi galdua izan, eta horregatik, proposamenak eskuan ekingo diote lanari. Planteamendu horiek pertsona dute erdigune, azaldu zutenez. Politika jendearekin eginez, alegia. Hargatik, proposamenak eztabaidatzeko gonbita luzatu zuten.

Posible, borondatea badago

Saio emankor eta sakon batean, lantaldeko profesionalen –Helena Franco, Unai Pascual, Nerea Idigoras, Esther Larrañaga, Iñigo Iruin, Unai Asurmendi, Kepa Altube, Eider Rodriguez, David Fernandez, Iratxe Esnaola, Oihana Etxebarrieta, Xabier Landabidea, Jose Mari Usatorre eta Idurre Eskisabel– proposamenaren ildo nagusiak marraztu zituzten eta adi izan zuten publikoa, tartean Tasio Erkizia, Iker Casanova, Maddalen Iriarte, Jasone Agirre, Miren Larrion, Laura Mintegi, eta Iñaki Antiguedad. Baita arlo akademiko eta kulturaleko kideak ere, hala nola Josu Amezaga, Edorta Arana, Igor Elortza, Gotzon Barandiaran eta Koldo Tellitu.

Arlo asko eta oso anitzak lantzen zituzten hizlariek. Alta, guztiek dute faktore amankomun bat: burujabetza. Baliabideen banaketak duen garrantziaz aritu zen Helena Franco, eta enpleguaren banaketa eta zerga sistemaren erreforma aipatu zituen. Planteamendu gauzagarriak direla azpimarratu zuen, borondaterik baldin badago: «Herri honek baliabideak baditu, arazoa da nola banatzen diren», aipatu zuen. Sozioekonomiari lotuta, industria politikaz, osasun sistemaz eta ingurumenaz ere mintzatu ziren eta erdigunean jasangarritasuna kokatu zuten.

Kultura, hezkuntza, euskara, kirola, feminismoa... arlo horiek guztiak landu ziren eta sintesi lan eskerga egin behar izan zuten. Eider Rodriguezek kulturaren eskuragarritasuna bermatzea ezinbestekotzat jo zuen: «Eskubidea da, ez kapritxo esnob bat». Iratxe Esnaolak akordio zabalak aldarrikatu zituen hezkuntza arloan, hezkuntzak definituko baitu herri batek nolako etorkizuna izango duen. Bestalde, euskarari egiazko gorpuzte sozialera iristeko tresnak eman behar zaizkiola defendatu zuen Idurre Eskisabelek.

Hizlarien azken txanda egokitu zitzaion Oihana Etxebarrietari eta ederki laburbildu zuen proposatzeko dutena: «Patriarkatua egiturazkoa den heinean, behar ditugun alternatibek ere egiturazkoak behar dute. Emakumeez hitz egin behar dugu, aniztasunetik, ez baita subjektu homogeneo bat. Burujabetza feminista erdietsi behar dugu».

Saioaren luzapena tarteko –bi ordutik gora iraun zuen–, aulkiren bat hustu zen amaitu baino lehenago. Entzule gehienek, ordea, tinko eutsi zioten, egon izan baitzen umorearentzako tarterik ere. Eta hausnarketarako material mardula eraman zuten etxera bueltan.