INFO
Elkarrizketa
MARI JOSE BARRIOLA BARAIBAR
«GUTIK ZURA» PROIEKTUAREN ZUZENDARIA

«Bizia egurrari eman dion jendeari egindako omenaldi xumea da»

Sentiberatasunez eta bihotza ukitzeko asmoz sortutako filma da bihar estreinatuko den «Gutik zura». Eta hunkigarria, malkoak ateratzeko modukoa, izan da pelikula baino askoz zabalagoa den proiektuaren zuzendariarekin solas egitea ere, azkenean bere eta bere familiaren bizitza delako.


Nekazaritzako ingeniaria, Bidasoa Lanbide Heziketa institutuko irakaslea eta Tknika zentroko egur arloko arduraduna da Mari Jose Barriola. Errenteriako berrikuntza zentro horretan hartu gaitu, hagitz goxo eta bihotza irekiz, zurezko gune batean. Jostailuak, arkatzak, labainak, menuak, txartelak... zurarekin egindako denetariko objektuak ikusi ditugu, filma baino harago doan “Gutik zura” proiektuaren bidea islatzen duten egur laginekin eta irudiekin batera.

Eta irudiz irudi joanez, dena nola hasi zen kontatu digu Lesakan bizi den leitzarrak. «Euskarazko zikloak ezarri zirenean, duela zazpi-zortzi urte, Lanbide Heziketarako material digitala eta plataforma bat behar genituela ikusi nuen, edukiak gure mailetara garatuta zituena, zerbait bisuala. Bestalde, egur sektoreak egurra egituratan erabili ahal izateko segurtasun arauak bete behar ditu, eraikuntzarako materiala delako. Bi helburu horiek garatuta, zuraren ezaugarritze proiektu bat landu dugu».

Lan horrek onura handia ekarri du Lanbide Heziketako profesionalentzat: plataforma digital bat (normadera.tknika.net), gaur egun euskaraz eta gaztelaniaz dagoena. «Eduki didaktiko bereziak dira, gure enpresa, mendi eta produktuekin eginak».

Ilargiaren txokoan

Ilargiaren txokora eraman gaitu, ikus-entzunezkoa jaio zen tokira. «Etxean beti aditu dut ilargiaren eraginaren berri. Aita baso mutila izana dut, gaztetan Frantzian, Chamonix inguruan ibilia. ‘Kontuz noiz botatzen dituzuen zuhaitzak!’, abisatu zidan. Egur erdiak ilbeheran eta besteak ilberrian bota ditugu. Herrietako jendeak oraindik barneratuta dugu ilargiaren eragina, baina hirietara pasatzen bazara, edo adinekoetatik gazteengana, transmisio hori asko galdu da. Sarri sorginkeriatzat hartzen da. Baina oso gauza politak atera ditugu herri jakinduria metodo zientifiko batekin kontrastatuz eta eragin hori frogatu dugu».

Ilargiaren inguruan galdezka egin zituen lehen elkarrizketak bere kameratxoarekin. Lehena Joxe Manuel Larrañaga 91 urteko azpeitiarrari egin zion. Donato Larretxea eta Migel Mindegia aizkolariak ere elkarrizketatu zituen, zuhaitz motzekin ibiltzen den Migel Barriola bezala, baita Ernst Zücher Suitzako irakasle eta ikertzaile aitortua ere. Eta, garrantzitsuena, Juantxo Barriola, Mari Joseren aita.

Horman, poster batean jarrita ditu denak, eta azalpenak ematen ari dela sarri begiratzen die. «Konturatu nintzen egurraren inguruan zenbat eta zenbat lanbide izan diren Euskal Herrian: baleontziak, armak, ikazkinak, almadiak, herri kirolak, arkitektura… Zoritxarrez ogibide asko galdu egin dira. Beste batzuek aurrera segitzen dute. Egurrak asko eman dio Euskal Herriari eta gaurko industriari. Egurrari esker garatu ziren burdinolak».

Elkarrizketak egiten ari zela, behar bizi bat sentitu zuen: «Hau galtzen ari da eta gizarteratu beharra dago. Jende honen bizipenak eta dakizkiten hainbat eta hainbat gauza».

Barriolarentzat, proiektu pertsonala ere bada: «Gaztetan Frantziako Les Carroz herrian eman zituen aitak lau urte, familia batekin lanean. Anaia hil zitzaion eta Leitzara bueltatu zen. Pelikularekin Frantziara itzuli gara. Bertako familiarekin egon gara, mendiak garbitzen ibili zen tokietan barna eraman dugu aita teleaulkian eta motorrean, eta oso esperientzia hunkigarria izan da. Eguraldi lainotua izan dugu, baina oso paraje polita da, Alpeetan, Montblanc pare-parean. Bueltatu behar izan zuen, baina beti mintzatu da Les Carrozez. Azkenean nire bizitza da eta badakit aitarengatik egin dudala», dio hunkituta. Estreinaldian izanen da Juantxo ere eta ondotik aita-alabak Les Carrozera itzuliko dira familiakoei kopia bat eramatera.

«Bizitza egurrari eman dion jende honi egindako omenaldi xumea eta eskerrak emateko modua» da, gizon eta emakumeei. Istorio hunkigarriak dira. Adibidez, aitonaren lanari esker ondorengoak Larrañaga zerrategian teknologia puntakoarekin lanean ari dira orain.

«Iragana landu dugu asko, egungo egoera eta etorkizuna ere bai, egurraren onura, balio eta dohainak gizarteratzeko. Irudi batzuk barneratu ditugu: ezin da zuhaitzik moztu, ezin da paperik erabili. Baina basoa kudeatu egin behar da, oreka mantenduz aisialdiaren, industriaren eta naturaren artean. Zuhaitzak moztu egin behar dira, baina berriz ere landatu. Euskal Herrian eta Europan gero eta baso eta espezie gehiago dauzkagu. Kudeaketa ona egiten da, jasangarritasunaren aldekoa», azpimarratu du. Egurra naturak ematen digun baliabidea dela eta horrek ematen dizkion dohainak ezin ditugula atzendu ere erran du.

“Gutik zura” filma Pixelek ekoitzi du eta Jon Maiak zuzendu. Komunikazioaz Oninart arduratu da. Lakua eta Lanbide Heziketako Sailburuordetza, Nafarroako Gobernua, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiak eta Nekazaritza Saila ditu laguntzaile, baita hainbat enpresa, udal, elkarte eta zentro teknologiko ere. Guztiei eskerrak eman nahi dizkie Barriolak, amets bat bete duelako.