EAJk garaipen argia eskuratu du Bizkaian, botoen %42 baino gehiago bilduta
Botoen %100 zenbatuta, jeltzaleek 12 eserleku lortu dituzte Bizkaian, botoen %42,12 eskuratuta. EH Bilduk, botoen %17,53 lortuta, lau ordezkari izango ditu, Elkarrekin Podemosek beste eserleku (%14,84). Atzetik geldituko lirateke PSE, hiru eserlekurekin, eta PP, birekin.
Jeltzaleak indartsu agertu dira beste behin beren gotorlekuan, Bizkaian, jokoan dauden 25 eserlekuetatik 12 bereganatuta. Botoen %100 zenbatuta, %42,12ko babesa izan du EAJk Bizkaian. 2012ko bozetan, 11 jarleku lortu zituzten jeltzaleek, bozen %37,94arekin.
EH Bilduk, aldiz, lau eserleku lortu ditu, botoen %17,53 lortuta. 2012an, 6 ordezkari eskuratu zituen koalizio abertzaleak Bizkaian, botoen %21,20a lortuta.
Elkarrekin Podemosek ere jarleku kopuru bera lortu du, %14,84eko babesarekin.
Atzetik, PSEk hiru ordezkari eskuratu ditu, botoen %11,73 lortuta. 2012ko datuei erreparatuta, bi eserleku galdu ditu Idoia Mendia buru duen alderdiak, orduan botoen %18,71 eskuratu baitzuen.
PP izan da Bizkaian ordezkaritza lortu duen azken alderdia, botoen %9,70 bilduta, bi ordezkarirekin. Gasteizko Legebiltzarrerako azken bozetan, hiru ordezkari lortu zituzten Bizkaian (%11,66).
Abstentzioa %37,87koa izan da.
Bilbon, EAJ izan da alderdirik bozkatuena, 69.331 boto bilduta, hurrengo alderdiei tarte handia aterata: Elkarrekin Podemos (23.500), PP (22.530), EH Bildu (21.343) eta PSE (20.344).
Barakaldon ere jeltzaleak izan dira garaile, 15.543 boz lortuta. Elkarrekin Podemos alderdiak 9.403 boto lortu ditu eta PSE, 8.766 botorekin, hirugarren indarra izan da. EH Bildu laugarren izan da (5.056) eta PP bosgarrena (4.777).
Getxon, 17.576 boz lortuta, EAJ izan da alderdi bozkatuena, PPren aurretik (8.542). Haien atzetik geratu dira EH Bildu (5.699), Elkarrekin Podemos (4.497) eta PSE (3.416).