INFO

Urriaren 15ean itzuliko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Hilaren 15ean hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udagoieneko fasea. Kanporaketak eta finalaurrekoak jokatuta, abenduaren 17an izango da finala.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren azken fasea aurkezteko agerraldia, Bilboko Kafe Antzokian. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Bilboko Kafe Antzokian eginiko agerraldian, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren azken fasearen aurkezpena egin dute Asier Ibaibarriagak (Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakaria), Ione Narbaizak (Bizkaiko Bertsozale Elkartearen Sustapen arduraduna) eta Ana de Castrok, Bizkaiko Foru Aldundiaren euskara zuzendariak.

Azaldu dutenez, aurtengoan jauzia edo saltoa irudikatu nahi izan dute: «saltoa plazara, eta saltoa bertsolariek euren bertsokeran Txapelketari esker ematen dutena».

Udazken honetan, bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta abenduaren 17an egingo den finala jokatuko dira. Kanporaketetan 30 bertsolarik hartuko dute parte, inoiz finalista izandako bost eta gainerakoak aurrez jokatu den udabarriko fasetik sailkatutakoak.

Sarrerak

Bide bi egongo dira sarrerak lortzeko. Alde batetik, internet bidez eskuratu ahal izango dira www.bertsosarrerak.eus atarian; beste alde batetik, txarteldegian saioak hasi aurretik. Txarteldegia 16.00etan zabalduko da saio guztietan; finalean, ostera, 15.00etan.

Aurten ere bonoa eskuratzeko aukera egongo da, kanporaketetarako eta finalaurrekoetarako bakarrik balioko duena.