INFO

Jean-Louis Davant filologo eta euskaltzaleak jasoko du Manuel Lekuona Saria

Jean-Louis Davant filologo eta euskaltzaleak jasoko du 2016ko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria, euskararen eta euskal kulturaren eremuan egindako ahalegin eta ekarpenarengatik.

Jean-Louis Davant, 2014ko irudi batean. (Sylvain SENCRISTO)

Eusko Ikaskuntzak jakinarazi duenez, Jean-Louis Davantek jasoko du 2016ko Manuel Lekuona Saria. Euskararen eta euskal kulturaren eremuan egindako ekarpena azpimarratu du epaimahaiak.

«Manuel Lekuonak euskara eta euskal kultura indarberritzeko izan zituen kezkekin» bat egiten duela azaldu du epaimahaiak, eta belaunaldi oso baten erreferente bilakatu dela gaineratu.

«Iparraldeko Zuberoko errealitatea argi islatzen du haren pertsonak eta bere lana Euskal Herri osoari eskaini izan du dio beti, katea eten ez dadin lagunduz», esan du epaimahaiak.

Nabarmendu nahi izan dute ere Arantzazuko bilkuran eginiko ekarpenak, hirurogeiko hamarkadan euskararen batasunaren zorua adosten saiatuko zen Ipar Euskal Herriko azken lekukoa izanik. Halaber, ezaguna da Pastoralgintzan egin duen ekarpen oparo eta zabala.

Aukeraketa

Irabazlearen hautaketan, herriak eta epaimahai instituzionalak hartu du parte. Eusko Ikaskuntzaren bazkideen bozkak %30eko pisua izan du azken emaitzan, Euskal Komunitate Globalarenak %10a, eta falta den %60a epaimahai instituzionalaren esku geratu da. Azken horri dagokionez, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, Euskaltzaindiak, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Labayru Ikastegiak, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak, Euskal kultur Erakundeak, Vianako Printzea Erakundeak eta Eusko Ikaskuntzak berak osatu dute.

Sari-emate ekitaldia 2017ko lehenengo hiruhilekoan ospatuko da.