INFO

Estatuaren biktimen legea eta Ertzaintzaren lan eskaintza publikoa errekurritu ditu Madrilek

Gasteizko Legebiltzarrak joan zen legealdiaren bukaeran onartu zuen Estatuaren Bortizkeriaren Biktimen Legea Auzitegi Konstituzionalean errekurrituko du Gobernu espainolak. Ertzaintzaren 2015eko Enplegu Publikorako Eskaintza baliogabetzeko ere eskatu du bigarren aldiz.

Josu Erkoreka, gaur egin duen agerraldian. (@jerkoreka)

Josu Erkoreka Lakuako Gobernuko bozeramaileak jakinarazi duenez, Gobernu espainolak helegitea jarriko dio Auzitegi Konstituzionalean Estatuaren Bortizkeriaren Biktimen Legeari. Joan zen legealdiaren bukaeran, uztailaren 28an, onartu zen lege hori, EAJ eta PSEren babesarekin.

Erkorekak nabarmendu duenez, lege horrek «lekua du Gernikako Estatutuan» eta hori defendatuko dute hasitako negoziazioan.

«Lege hau indarrean mantentzen eta Euskadiren bizikidetzan aurrera egiten lagunduko digun akordioa lortzeko borondatea dugu», adierazi du.

Ertzaintzaren lan eskaintza

Horretaz gain, Ertzaintzaren enplegu publikorako 2015eko eskaintza baliogabetzeko eskatu dio bigarren aldiz Gobernu espainolak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari. Estatuaren Abokatuak 25. promozio hori baliogabe uzten zuen epaia exekutatzeko eskatu zion auzitegi horri, baina honek atzera bota zuen eskaera, auziaren inguruko erabaki irmoa kaleratu arte. Orain erabaki horri helegitea jarriko dio Madrilek.

Erkorekaren iritziz, bi helegite hauek Gernikako Estatutuak 37 urte bete dituenean iritsi dira eta «hori ez da kasualitatea». «37 urte hauetan inoiz ez dugu ikusi Espainiako Gobernuaren aldetik birzentralizazioaren aldeko halako erasorik», salatu du.

Horregatik, «beste era bateko aldebiko harremana» eskatu dio Madrili, «eraginkorra eta Euskadiko autogobernua bermatuko duena».