INFO

Nafarroan euskararen araudia aldatzeko beharra nabarmendu du Kontseiluak

Nafarroako Auzitegi Nagusiak hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoko euskarazko 100 postuak bertan behera utzi izana gaitzetsi du Kontseiluak. «Agerian utzi du Gobernuak administrazio osoak euskaraz lan egin ahal izateko araudia osatu behar duela».


Kontseiluak, ohar baten bidez, Nafarroako Auzitegi Nagusiak hezkuntzako LEPeko euskarazko 100 postuak bertan behera utzi izan arbuiatu du, «baita beste behin hizkuntza-eskubideen gaia judizializatu izana». Haien iritziz, honek araudia aldatzeko beharra baino ez du berresten.

Paul Bilbao idazkariak adierazi duenez, «epaia euskararen garapenaren eta euskaraz hezteko eskubideen galga berri bat da». Zentzu honetan, azpimarratu egin nahi izan du 100 pertsonaren lanpostua jarri dela kolokan.

«Gobernuak berandu baino lehen bertan behera utzi beharko luke 29/2003 Foru Dekretua, horrelako erabaki judizialak ahalbidetzen dituelako». Ez da Kontseiluak eskari hau egiten duen lehen aldia, Nafarroako Gobernu honek lehen urtea bete zuenean ere kezka bera agertu zuten-eta.

Modu honetan euskararen corpus juridikoa aldatzeko beharra nabarmendu du, «are gehiago Euskararen Legearen 30. urteurrena betetzear dagoenean».