INFO
Elkarrizketa
Mikel Martinez
Aktorea

«Euskararekin behar baino gehiago sufritzen dugu eta horretaz barre egitea oso terapeutikoa da»

Medikuntza ikasketak egin zituen, baina beste bi izan dira Mikel Martinezen bizitzaren ardatz nagusiak: euskara eta antzerkia. Hamarkadak daramatza bi pasio horiek uztartzen Lizarrako merindadeko Arintzanon (Nafarroa) jaio zen bilbotarrak.

Mikel Martinez, Cafe Bar Bilbaoren atarian. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Plaza Berriko Cafe Bar Bilbaon egin dugu hitzordua Mikel Martinezekin, aktore izateaz gain bertako jabea ere baita. Euskal antzergikintzaren mundua hain txikia izaki, Eskena ekoizle eszenikoen elkarteko presidente izatea ere egokitu zaio. 

Euskarazko antzerkigintzaren egoeraz mintzatu gara berarekin, noski, baina baita Bilbok azken 25 urteotan izan duen bilakaeraz ere.

Abiapuntu gisa, egingo diguzu antzerkigintzak Bilbon eta, oro har, Euskal Herrian bizi duen egoeraren inguruko diagnostikoa?
Galdera ohiko bat da, baina erantzuten zaila da beti. Egoera, orokorrean, duela 30 urte baino hobea da hizkuntza aldetik eta ohitura aldetik, jendeak antzerkia euskaraz ikusten joateko ohitura gehiago daukalako.

Halere, orain konpetentzia handiagoa da. Lehen gutxi ginen antzerkia, eta batez ere antzerkia euskaraz egiten genuenok; orain askoz gehiago gara eta, gainera, antzerkiak berak konpetentzia handia dauka beste gauza askorekin.

Beraz, esango nuke egoera, orohar, hobea dela, baina oso zaila dela talde bakoitzarentzat aurrera egitea. Esate baterako, gure kasuan, lehen montaje batekin, kostata, baina ehun bat emanaldi egin genitzakeen. Gaur egun hori ezinezkoa da.

Gainera, oso instituzionalizatuta dago antzerkia: asko hazi da Udaletatik eta abarretatik datorren eskaria, baina lehen auzo elkarte eta bestelakoetatik antolatzen ziren emanaldiak ia desagertu egin dira.

Bilboren kasuan, esaterako, badaude Arriaga bezalako eszenatoki handiak eta Pabellon 6 edo ateak ireki berri dituen Biba bezalako gune txikiagoak, ukitu ezberdina dutenak. Laguntzen al du horrek jende gehiagorengana iristen? Gabeziak daude hala ere?
Kafe Antzokia, Biba eta horrelako ekimen pribatuak oso ongietorriak dira eta aurrera egiteko zorte ona opa diet, zulo bat betetzen dutelako.

Orain, maila instituzionalari dagokionez, gabezia bat ikusten dut Gasteiz eta Donostia bezalako hiriekin konparatuz: Bilbon Arriaga edo Campos bezalako antzokiak daude, baina auzoetan ez dago beste antzeztokirik zirkuitu txikiago batean mugitu ahal izateko.

Arriaga eta horrelakoetatik antzoki txikiagoetara oso salto handia dago. Arriagara iritsi ezean, eta oso zaila da hori lortzea, ez dago ia lekurik lanak eskaintzeko.

Horrek ere ekarriko ditu zailtasunak jende gaztea antzokietara eramateko…
Bai, jende gazteari batzuetan kosta egiten zaiolako halako antzoki handietara sartzea, eta ez da bakarrik diru kontua.

Guk, normalean, Arriagan egiten duguna Zazpi Katu gaztetxera ere eramaten dugu, batzuetan oso denbora gutxiko aldearekin eta hori oso pozgarria da, asko gustatzen zait.

Arriagara goazenean, badakit ona dela gure taldearentzat eta euskal antzerkiari ere prestigioa ematen diola, baina bertara doan jendea, seguraski, ez da gaztetxera joango, eta alderantziz. Oso garrantzitsua da bi lekuetara iristea.

Aktore lanari dagokionez, oso desberdina da pertzepzioa batean edo bestean aritzean?
Obra batean ez badago laugarren paretik, publikoarekin daukazun nolabaiteko harreman hori desberdina izango da Arriagan edo Zazpi Katun, giroa ere oso desberdina delako, baina aktoreok presio berdina daukagu leku guztietan: dena eman behar dugu esaldi bakoitzean kontatzen duguna adierazi eta sentiarazteko. Hori berdin egiten dugu Arriagan zein gaztetxean.

Laugarren horma horretan dago gakoa, beraz.
Esate baterako, antzezten baduzu orain Eneko Sagardoy egiten ari den ‘Zergatik, Jamil?’ obra, non laugarren pareta bat dagoen, zu eszenatoki gainean gertatzen den horretan sartzen zara eta, printzipioz, ez duzu kontuan hartu behar aurrean nor daukazun.

Patxo [Telleria] eta biok egiten dugun Ez dok hiruren formatoa apur bat desberdina da, publikoarekin harremana eta katxondeoa daukagulako. Aktoreek, pertsonaiek, badakite Arriagan edo Zazpi Katun daudela eta, beraz, hori interpretazioan sartu behar dute.

Ez dok hiruren lana aipatu duzula, inork gutxik aterako zituen euskararen inguruan zuek besteko kontu, txiste… Euskaldunok badugu beharra geure buruez barre egiteko?
Bai, badago beharra. Izan euskaldunberriak edo euskaldunzaharrak, euskararekin beti sufritzen dugu apurtxo bat, agian behar baino gehiago. Guk gauza horietaz egiten dugu barre eta oso terapeutikoa da.

Gainera, saiatzen gara publiko euskalduna harritzen, erakutsiz euskararekin ze aukera dagoen jolasteko, barre egiteko…

Nahi duguna da jendea antzokitik ateratzea pentsatzen «ze zortea euskalduna naizela, oso ondo pasa dudalako eta, gainera, hemen kristoren tresna daukadalako jolasteko».

Publikoaren erantzuna oso desberdina izaten da herri bakoitzean dagoen euskararen erabilera mailaren arabera?
Orokorrean, oso ondo hartzen gaituzte eta jendeak oso ondo pasatzen du edozein lekutan, baina gure umorea, neurri batean, apur bat hiritarra eta euskaldun berria da.

Hiriko jende gazteak, euskara ikasteko, edo behintzat ez galtzen saiatzeko borrokan ari denak, hobeto hartzen gaitu.

Aktore lanaz gain, Eskena ekoizle eszenikoen elkarteko lehendakaria ere bazara. Aukera eman dizu ofizioari beste perspektiba batetik begiratzeko?
Eskena elkartean ikusten duzu, batez ere, zer den antzerkiaren kudeaketa, antzerkiaren bulegoa: diru arazoak, diru-laguntzak, publikoa erakartzeko kanpaiak, kontratazioak eta horrelako kontuak.

Ni aktorea naiz eta, batez ere, eszenatokira igo eta gauzak transmititzeko gai izatea da interesatzen zaidana, baina, nahi gabe, beti tokatu izan zait gestioan aritzea, politikaz, diruaz eta horrelakoez aritzea. Mundu desberdinak dira, baina biak beharrezkoak.

Edozein negoziotan pentsatu behar da bezeroak nola lortu, nola fidelizatu, interneten nola egon, sindikatuekin zein motatako harremanak eduki… Kasu honetan oso gauza bitxiak gertatzen dira, adibidez, aldi berean enpresario eta aktoreen sindikatuko kide izatea bezala. Mundu txikia da hau eta denetarik egitea tokatzen zaigu.

Oso zaila da antzerkigintzan hasten ari denarentzat bizimodua hortik ateratzea?
Zaila da, bakarrik aktore izanda, norbaitek kontratatzen zaituen itxaroten bizi behar izatea. Oso ona izan behar zara eta, gainera, kristoren zortea eduki behar duzu, jendea ezagutu, zure izena hortik utzi jendea zutaz gogoratu dadin…

Horregatik aktoreek beraien taldeak egiten dituzte, nahiz eta guztiz profesionalak izan ez, eta nolabaiteko enpresak dira. Zuk nahi duzuna egin ahal izateko hori tokatzen da askotan.

Ofizio honek badu kontu bat apur bat gogorra dena: aktoreoi tokatzen zaigu egiten duguna eszenatoki gainean defendatzea, eta askotan proiektua zure idealen kontrakoa ere izan daiteke. Aurpegia eman behar duzu eta hori gogorra da.

Pelikulen kasuan, abibidez, aktoreak ez dauka publikoa aurrez aurre eta, antzerkiarekin alderatuta, feedback hori ez da hain zuzena.
Hori da antzerkiak daukana, momentuan bizi duzula. Pelikulekin ez bezala, antzezlana txarra denean, publikoak sufritu egiten du, ikusten duelako aktoreak hor daudela batere gustatzen ez zaizkion edo guztiz erridikuluak diren gauzak egiten. Zinean altxa zaitezke eta alde egin, baina antzerkian txarto pasatzen duzu.

Ona denean, alderantziz, gehiago heltzen zaizulako eta gehiago emozionatzen zaituelako. Bi mutur horiek ditu antzerkiak.

Gaur egun, beste gauza batzuekin konparatuta, antzerkiak badu abantaila bat: mugikorretako pantailen bidez irudi asko jasotzen ditugu, baina momentuan antzokian, gaztetxe batean edo taberna batean aktore bat ikusten ari bazara badakizu une hori ez dela inoiz errepikatuko.

Antzerkiaren mundua albo batera utzita, zenbat urte daramatzazu Cafe Bar Bilbaoren jabe bezala?
Nire familia 1991n hasi zen, ni hasieratik honetan ibili ez nintzen arren. Goitik behera aldatu da Bilbo 25 urte hauetan.

Nola bizi izan duzu Plaza Berriko txoko honetatik eboluzio hori?
Ikaragarria izan da. Hemen lau pertsona hasi ginen lanean eta orain hamasei gara. Bilbo aldatu egin da eta, hortaz, hemendik dabilen publikoa ere bai.

Taberna honetatik gauza batzuk gustatzen zaizkit: betidaniko taberna izatea, bilbotarrek senti dezatela beraien txokoa bezala, bertoko musika entzun ahal izatea, euskaraz egin ahal izatea…

Gu Plaza Berrian egonik, ikusita Alde Zaharra zer bihurtu den eta zer bihurtzen ari den, apur bat kezkatuta nago eta batzuetan badut Bilboko publikoak alde egingo duen beldur hori.

Sustatzen den turismo ereduak zerikusirik dauka horretan?
Ez dakit hori sustatu egiten den. Azken finean hiriko turismoa apur bat hoba da; eskerrak ez gauden Mediterraneoan eta ez daukagun hondartza hortxe bertan...

Ikusi egiten da nork daukan zure kulturarekiko edo zure bizimoduarekiko interesa, eta hori eskertu egiten duzu, laguntzeko prest zaude. Baina badaude beste batzuk, turista tipikoak, nahi duten bakarra dela argazkiak ateratzea, esan ahal izateko «hemen egon naiz ni».

Taberna honetan hiriak izan duen aldaketa hori zerotik orain arte bizi izan dugu. Joan den urtean ematen zuen goia jo genuela, baina aurten gehiago egon da eta ematen du datorren urtean gehiago egogo dela. Ez dakigu oso ondo nahiz bukatuko den igoera hau. Gainera, ni Alde Zaharrean bizi naiz eta auzokide moduan ikusten duzu zure auzoa guztiz aldatu egin dela: lehen ia herritxo bat zen eta, orain, jende mordoa dago, argazkiak ateratzen, molestatu ere egiten dizuna.

Aldaketa horrek baditu, beraz, alde onak: negozioa, harremanak...;  eta baditu bere alde txarrak: nortasuna galtzearena batez ere, garrantzia gehiago edukiko baitu, esaterako, ingelesak euskarak baino. Saiatuko gara horren kontra egiten. Saiatuko gara bilbotarrak izateari eusten.