INFO

Hiesaren aurkako Parisko Adierazpenarekin bat egingo dute Udaleko talde politiko guztiek

Abenduaren 1ean Hiesaren aurkako Borrokaren Nazioarteko Eguna denez, Bilboko Udaleko alderdi politiko guztiek modu ofizialean sinatuko dute Parisko Adierazpena, zeinek Hiesaren transmisioarekin amaitzeko helburua duen 2030erako.


Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta alderdi politikoetako bozeramaileek Bilboko Udaletxean sinatuko dute ostegun honetan Hiesaren aurkako Parisko Adierazpena. Horrekin batera, lazo gorri handi batek modu sinbolikoan apainduko du Udaletxeko balkoia.

Adierazpenak udal politika publikoak bultzatu nahi ditu, «GIBa duten pertsonen % 90ek jakin dezan birusa duela, seropositiboen % 90ek tratamendua jaso dezan eta tratamenduan dauden gaixoen % 90ek birusa deuseztatu dezan».

Sinatzaileek hiesarekin 2030erako amaitzeko konpromisoa hartuko dute. Azpimarratu dutenez, «gaitzaren detekziorako, tratamendurako eta prebentziorako zerbitzuetara era orekatuan iristeko konpromisoa hartuko dute, estigmarekin eta diskriminazioarekin bukatze aldera».