Fidel Castro
Azken mendean makina bat agintari baltsamatu dituzte munduan zehar, baina Fidel Castroren gorpua berehala erre zuten, berak eskatu bezala. Berak askotan esan zuenez, nortasunaren gurtza Iraultzak dituen helburuen kontrakoa da. Egunotan uharte osoa zeharkatu dute iraultzaile handiaren errautsek.
Kuba osoan ez du aurkituko irakurleak Fidel Castro presidente ohiaren ohorez altxatutako monumenturik edo estatuarik. Ezta bere izena daraman kale edo herririk ere. Uhartean egiten diren zigiluetan ez da ageri bere irudia eta gauza bera gertatzen da txanponekin ere. Izan ere, egunotan leku askotan goraipatu den gizakiaren ustez, nortasunaren gurtza, lider, buruzagi edo agintari batenganako gizatalde batek duen neurrigabeko eta baldintzarik gabeko atxikimendua, Iraultzak dituen helburuen kontrakoa da. Askotan errepikatu zuen ideia zen hori.
Jainko baten irudiari egiten zaion gurtza da «idolatria» hiztegi entziklopedikoaren arabera, eta horixe zen Fidel Castro zenak kosta ahala kosta saihestu nahi zuen fenomenoa.
Raul Castro egungo presidenteak azaroaren 25ean bere anaiaren heriotzaren berri eman zuenean oso garbi adierazi zuen Fidel Castrok berak eskatu zuela bere gorputza errausteko. Eta hala egin zuten hurrengo egunean. Ondoren, errautsak Habanako Defentsa Ministerioan jarri zituzten ikusgai, Santiago hiriko Santa Ifigenia kanposantura eramango zituen segizioari hasiera eman aurretik. 1.200 kilometro inguru egin dituzte egunotan errautsek.
Milaka urte dituen joera
Beraz, Fidel Castroren gorputza ez dute baltsamatu eta ezin izango dute erakutsi mausoleo ikusgarri batean, zenbait agintari komunistarekin egin izan den moduan. Komunismoarekin zerikusirik izan ez duten hainbat agintarirekin ere gauza bera egin izan da azken hamarkadotan, orrialdeon beheko aldean ikus daitekeenez.
Buruzagien gorputza betikotzeko –edo ahalegintzeko bederen– joera hori ez da atzo goizekoa, milaka urte baititu.
Egiptoko IV. dinastiaren garaian (K. a. 2630ean hasi eta K. a. 2500 inguruan amaitu zen) asko garatu zen faraoiak baltsamatzeko teknika. Aditu batzuek diote ordurako gaur egungo Txileko iparraldeko itsasertzean bizi izan zen Chinchorro herriak denbora asko zeramala bere hildakoak momifikatzen, horretarako teknika artifizialak erabilita.
Edonola ere, Egiptoko faraoiek egin zituzten eraikinak dira guztioi burura etortzen zaizkigunak, momiak aipatzean. Eta horien artean Ramses II.arena da ezagunena.
K. a. 1213an zendu zen Ramsesek patu bitxi bat izan zuen, euskarazko Wikipediak esplikatzen duenez. Bere bizitza oso luzea izan zen –iturri batzuek diote ia ehun urte egitera iritsi zela, baina beste batzuek 87 urterekin zendu zela esaten dute–, eta bera baino lehen bere seme-alaba asko hil ziren. 66 urteko erregealdi baten ondoren hil zen eta Erregeen Haranean lurperatu zuten.
Bere momia 1881ean aurkitu zuten: agure batena da, aurpegi luzanga eta sudur handikoa. Bizirik zegoela 190 zentimetroko altuera izan zuela kalkulatu dute adituek. Inongo zalantzarik gabe, azken faraoi handia izan zen. Gaur egun Kairoko museoan dago ikusgai. Gerora, bere oinordekoen gainbeherak Egiptok bere mugetatik kanpo zuen boterearen amaiera ekarriko zuen.
Egiptoarrek jainkotzat zituzten faraoiak eta Fidel Castrok gidatutako Iraultza «gizaki apalena» zen. 1961ean, Cochinos badiako inbasioa gertatu aurretik, honakoa esan zuen kubatar agintariak: «Hau apalen, apalekin eta apalentzat egindako Iraultza sozialista eta demokratikoa da. Berarengatik bizitza emateko prest gaude».
Chiapardiren eskultura
Hori esan eta gero, nola onartu Fidel Castro bera herritarrek jainkotzat hartzea? Egunotan hedabide batzuek aipatu dute 1959an Italiako Enzo Gallo Chiapardi eskultoreak iraultzailearen eskultura bat egin zuela, matxinoek Fulgencio Batista diktadorea kargutik kendu ondoren. Castrok eskultura hura suntsitzeko agindu zuen eta ondoren hartu zuen bizirik dauden gizakien izena goratzeko ez monumenturik ez kale izenik ez onartzeko erabakia. Iraultzaren Legea deitu zion debekuari.
Lege horren arabera, Administrazioko bulegoetan agintarien argazki ofizialak jartzea ere debekatuta geratu zen. Hurrengo hamarkadetan eskainitako elkarrizketetan askotan esplikatu zuen erabaki haren arrazoia. «Bizirik dagoen inongo pertsona famatu iraultzaileren aldeko gurtzarik ez dago», adierazi zuen 2003an. «Herrialdea zuzentzen dutenak gizakiak dira, ez jainkoak».
Beraz, ulertzekoa da Castrok bere gorputza erretzea nahi zuela esatea. Edonola ere, Iraultzaren Legeak dio «bizirik dauden gizakien» izena goratzeko monumentuak ez direla onartuko, baina Fidel dagoeneko hilda dagoenez, ezin da baztertu aurki bere izena eramango duen kale, herri edo nazioarteko aireporturen bat izatea Kuban. Egungo agintariei dagokie erabakia.
Fidel Castroren aldekoek haren umiltasuna nabarmendu dute egunotan, aurkakoek harroputz hutsa zela errepikatzen duten bitartean.
Txarteltxoa eta koilara
Armando Garcia Hondurasko idazlea aldekoen artean dago. Prensa Latina Kubako agentziari kontatu dionez, 1970eko hamarkadan Habanan egin ziren topaketa batzuetan agintariarekin egoteko aukera izan zuen.
Gogoan du eztabaidaren erdian Fidelek aretoa uzten zuela zigarroren bat erretzeko. Guztiekin hitz egiten zuen: Yemenetik edo Palestinatik joandakoekin bezala, Latinoamerikako edozein herrialdekoekin.
«Gurekin hitz egin ondoren, arratsaldeko bostak zirela, bere ondoan zuen lagun bati esan zion hobe izango zela bertan zerbait jatea eta jan ahal izateko txarteltxoa erostera joan ziren –gogoratzen du idazleak–. Guztiok eskaini genion geure txarteltxoa, baina ezetz esan zigun, eskaintza eskertu ondoren. Eta bere txarteltxoa erosi zuen, gainerako guztiek egiten genuen moduan. Jangelara iristean lau lerro handi osatuta zeuden eta zain egotea tokatu zitzaigun. Errenkadan aurrera egiteko aukera askok eskaini zioten, baina berak bertan segitu zuen. Azkenean bere janaria eman ziotenean, labanak eta tenedoreak agortuta zeuden. Koilara bat eman zioten. Bi yemendar, bi argentinar eta kolonbiar bat zeuden mahaian eseri eta bertan jan zuen. Gertaerak oso ondo deskribatzen du zein punturaino zen apala Fidel. Horregatik, lur hauetan esker oneko pertsona askoren gogoan beti bizirik izango dugu».
«Bazkaldu eta alde egin»
Fidel Castroren aurkakoen iritziz, aldiz, harrokeria zen hildako agintariaren ezaugarrietako bat. Horrela esan berri du Vicente Fox Mexikoko presidente ohiak. Bere ustez, kubatarrari umiltasuna falta izan zitzaion uhartean «diktadurak» jarraitzerik ez zuela onartzeko.
2002ko martxoan Mexikoko Monterrey hirian egin zen Garapenerako Finantziazioari buruzko Nazioarteko Konferentzian esku hartzera gonbidatu zuen Kofi Annan NBEko garaiko idazkari nagusiak Castro. Segurtasun kontuak zirela-eta (ehunka atentatu ahalegin egin dira zendutako presidentearen aurka), kubatarrak ez zuen konfirmatu bertan esku hartzeko asmoa azken ordura arte. Fox anfitrioari ez zitzaion batere gustatu Castro bertan izatea eta Habanara deitu zion telefonoz. Esplikatu zion bere presentziak arazo ugari eragiten zizkiola, baina ez azaltzeko eskatzera ausartu gabe. Castrok gogorarazi zion Annanek gonbidatu zuela, eta Mexikoko presidenteak ezin duela horren aurkako erabakirik hartu. Azkenean, irakurleak Interneten erraz aurkituko duen bideo batean entzun daitekeenez («comes y te vas» esaldia erabili behar da bilaketarako), bi agintariek adostu zuten Kubako presidenteak Annanen hitzaldia entzungo zuela, berea eskaini aurretik, gero elkarrekin eta beste estatuburu guztiekin bazkalduko zutela eta ondoren Kubara itzuliko zela. Foxen kezka zen Castrok adierazpen potenteak egingo zituela, eta George W. Bush AEBetako presidentearekin topo eginez gero egoerak esku artetik ihes egingo ziola.
Azken mendean baltsamatutako agintariak
LENIN, 1924 Vladimir Ilitx Ulianov «Lenin» 1924ko urtarrilaren 21ean hil zen. Errusiar iraultzailea, boltxebike alderdiaren burua, Sobietar Batasunaren lehen idazkari nagusia eta leninismo izeneko ideologiaren sortzailea izan zen. Bera eta bere ondokoak sobietar agintariaren gorputza baltsamatzearen aurkakoak baziren ere, Josiv Stalinek erabaki zuen momifikatu eta Moskuko Plaza Gorrian eraikitako mausoleoan gordetzea, eta ikusgai jartzea.
SUN YAT-SEN, 1925 Txinako Errepublikako lehen presidentea izan zen Sun Yat-Sen eta 1925ean hil zen. Garaiko agintariek bere gorputza baltsamatu nahi zuten eta sobietarrei eskatu zieten laguntza (Leninen esperientzia oso ona iruditu zitzaien), baina Moskuk ezetz esan zien. Teknika propioa garatu behar izan zuten txinatarrek. Gaur egun Nankin hiriko mausoleo batean dute.
EVA PERON, 1952 Maria Eva Duarte de Peron «Evita» Eva Maria Ibarguren izenarekin jaio zen. Argentinar aktore eta politikari nabarmena izan zen. Peronismo izenaz ezagutzen den mugimendu politikoko eragile nagusia izan zen 1940ko eta 1950eko hamarkadetan, eta giza eskubideen aldeko ekintzaile garrantzitsua. Lurjabe handiek osatutako oligarkiaren, pobreziaren eta desberdintasun ekonomikoaren aurka, eta langileen, emakumeen eta babesgabeen eskubideen alde egin zuen borroka nagusiki. 1952ko uztailaren 26an hil zen. Hil-kapera batean ikusgai eduki zuten Buenos Aires hiriburuan, bere senarrak 1955ean agintea galdu zuen arte. Italian ezkutuan ehortzi zuten aurrena, 1976an familiak hiriburuan zuen hilobian sartu zuten arte.
STALIN, 1953 Josiv Vissarionovitx Jugaxvili «Josiv Stalin» Sobietar Batasunaren bigarren buruzagi gorena izan zen, Leninen ondoren. 1953ko martxoaren 5ean hil zenean, bere gorputza baltsamatu eta Leninen mausoleoan jarri zuten. Baina Nikita Khrustxovek abian jarritako desestalinizazio kanpaina zela-eta, bertatik atera zuten 1961ean. Mausoleoaren atzeko aldean dagoen kanposantu txiki batean ehortzita dago.
KENNEDY, 1963 John Fitzgerald Kennedy Ameriketako Estatu Batuetako 35. presidentea izan zen eta karguan zela atentatu batean hil zuten Dallas hirian 1963ko azaroaren 22an. AEBetako beste presidente askorekin egin duten moduan (lehen eta ondoren), bere gorputza gantzutu zuten, baina ikusgai jarri gabe.
HO CHI MINH, 1969 Ho Chi Minh poeta, politikari eta iraultzaile vietnamdarra izan zen, eta Ipar Vietnamgo presidente 1954 eta 1969 urteen artean. Garaiko Hego Vietnamgo hiriburu zen Saigonek Ho Chi Minh Hiria izena hartu zuen bere ohorez. Berak eskatu zuen hiltzean gorputza erre eta errautsak Vietnam osoan sakabanatzeko, baina 1969ko irailaren 2an zendu ostean ez zioten jaramonik egin eta gorputza baltsamatu egin zuten. Hanoi hiriburuko mausoleo batean (munduko handiena omen da) daukate Vietnamgo iraultzailearen gorputza. Hil zenean AEBen aurkako gerra bukatu gabe zegoenez, bost urtez eduki zuten oihanean ezkutatuta.
MAO ZEDONG, 1976 Mao Zedong Txinako Alderdi Komunistaren buruzagia eta Txinako Herri Errepublikako presidentea izan zen. 1976ko irailaren 9an hil zen eta bere gorputza baltsamatu egin zuten, Pekingo Tian'anmen plazan bera goratzeko eraikitako mausoleoan ikusgai jarri aurretik. Kristalezko sarkofago batean sartuta dute. Kasu honetan Pekinek ez zion Moskuri laguntzarik eskatu, txinatarrek vietnamdar adituek Ho Chi Minh baltsamatzeko Sobietar Batasunean ikasi zituzten teknikak erabili zituzten-eta.
FERDINAND MARCOS, 1989 Ferdinand Edralin Marcos politikaria eta diktadorea izan zen. Filipinetako Errepublikako lehendakari izan zen 1965etik 1986ra. Hauteskundeetan 1965ean Errepublikako lehendakari aukeratu zuten, eta 1969an berriro, bozketak irabazita. 1972an, ordea, diktadura ezarri zuen Filipinetan, Mindanaoko musulmanen matxinadaren kontra borrokatzeko aitzakia hartuta. 1989ko irailaren 28an hil zen erbestean, AEBetako Hawain. Bertan familiak dituen lurretan dagoen sarkofago batean dago ikusgai.
KIM IL-SUNG, 1994 Kim Il-sung Ipar Koreako buruzagi komunista izan zen 1948tik 1994ra. Ipar Korean, ofizialki, Aitzindari Handia izendatzen dute eta, Konstituzioaren arabera, Betirako Presidentea da. 1994ko uztailaren 8an hil zenean baltsamatu zuten, gorputza Kumsusan jauregian ikusgai jartzeko.
KIM JONG-IL, 2011 Kim Il-Sung hil zenean, Kim Jong-il semeak Korear Langileriaren Alderdiko lehendakaritza eta, horrenbestez, estatuburutza hartu zituen. 2011ko abenduaren 17an hil zenean, bere gorputza gantzutu eta jauregi berean jarri zuten ikusgai, aitaren ondoan.