INFO

Gogoeta III: Zein dira Azokak gertuen dituen erronkak?

Begira Azokari. Urte batetik besterako alderik ez da nabari, egiten dena Landakoko paseo hutsala bada. Baina ez. Azoka mikrobio bizidun bat da, bere egiten saiatzen ari den gorputzean. Metamorfosi iraunkorra, biharkoari gertutik begiratzen dion kolektibitatea.


Ke usainetik asko du Azokak, hogei urtez edo gehiagoz atzera egiten bada. Egoeraz erabat jabetzen ez den haurra jendetzaren artean. Elurra kalean, eta bero sapa egurrezko oholen gainean. Txanponak, billeteak... Liburuak, diskoak... Seaskako egutegia. Oroitzapen bat baino ez. Egun, ez du halako antzik. Ez fisikoan, bai izaeran. Betitik bilgune dinamikoa izan da Durangokoa. Ezina ekinez egina, esango luke baten batek. Kolektibitate metamorfosikoa, eraldaketa –eta egokitzapen– etengabean. Oskola, azala alda daiteke, baina barrenak berdin dirau. Mikrobio bizi bat euskal kulturaren gorputzean. Erronka etengabe bat. Etorkizun gertuko eta urrunekoa begi bistan. Durangoko Azokako ekosistemaren zati bat hizketan.

SAGUGANBARA

Itsaso Gangoitia

Euskal kultur sistemaren garapenean eta normalizaziorako bidean, ekinez eta eginez jarraitu beharko du Durangoko Azokak datozen urteetan. Ildo horretatik, Saguganbaran transmisioaren lanketan jarriko dugu indarra; izan heldutik umera, umetik heldura edo/eta berdinen artean.

Urte eta molde desberdinetara egokitzen jakin izan du Durangoko Azokak, eta aurrera begira baditu erronkak. Haur eta gazte arloan sortzen denari oihartzuna egiteaz harago, ume eta gaztetxoak aintzat hartuko dituen plan integral baten alde egingo dugu. Ederra litzateke haurrentzako kontzertu bat Ahotsenean, bideo-joko tailerra Irudienean, txotxongilo ikuskizuna Eszenatokian edo ume eta gaztetxoen neurrira egokitutako erakusmahaiak izatea Landako gunean. Etorkizunean Saguganbara ez da helduen begiradara egokitu behar izango, Durangoko Azoka egokitu beharko da haurrak ere partaide diren mundura.

Gainera, garrantzia emango diogu euskal iruditegi anitz eta zabala sortu eta honi ikusgarritasuna emateari. Euskal Herriko haur, gazte zein helduok euskal erreferenteak izan ditzagun. Guk sortuak. Gure izen eta izanekin.

SZENATOKIA

Itziar Elias

Durangoko Azoka urtero aldatzen doa, bere burua itxuraldatzen, hegalak zabaltzen, begirada kanpora eta barrura birkokatzen, urtero hausnartu eta zuzentzen. Eta hauxe da, nire ustean, Azokaren arrakastaren sekretua. Zentzu guztiekin urtero bisitariak eta sortzaileari begira egotea, eginiko akatsak zuzentzea eta kultur esparru guztiak bere barrenean atxikitzea modu natural eta egonkor batean. Euskal gizartearen kultur arnasgune bilakatu da, garai batean liburu azoka, ondoren liburu eta disko azoka eta gaur egun kulturaren plaza bilakatuz, bizitzeko eta bizia duen euskal kulturaren erakusleiho bilakatuz.

Szenatokia ekosistema horren zatitxo bat da; oraindik heldu berri den aletxoa gara eta pixkanaka geure sustraiak botatzen goazena San Agustin areto paregabean. Beti daude gauzak hobetzeko eta erronkak gainditzeko, oraindik gure bidea maldan gorakoa da, ikusgarritasun aldetik, erakargarritasun aldetik… Baina urtero ematen ditugu gure kimuak eta hazten goaz. Urtez urte eta apurka lortzen ditugu ikusleak eta gero eta bisitari gehiagok du guneen kontzientzia eta hori da gure etorkizun laburreko aldapa. Ez dut etorkizun luze baterako begiradarik, azokaren sekretua urtez urteko lanketan dagoela uste dut. Aurten etorriko diren bisitari eta sortzaileek eginiko balorazioari itxarongo diot, datorren urteko Szenatokiari jantzi berria prestatzen hasteko.

KABI@

Gorka Julio

Edukien sorkuntzan, teknologia oinarrizkoen sorreran eta lokalizazioan lagunduko duten komunitate ezberdinen eraikuntzan dago erronka. Era guztietako edukiak behar ditugu, alde batetik, garrantzi bereziarekin ikus-entzunezkoak eta aisiari lotutako formatu asko, ezagutza komuna sortzen dutenekin batera; adibidez, Wikipedia. Arlo ezberdinetan lan egingo duten komunitateak sortu eta indartu behar dira horretarako.

Bada beste erronka garrantzitsu bat, eta kultur jardunetik dirua atera nahi dutenei eragiten die, bereziki. Azokaren helburuetako bat hori dela kontuan hartuta, bereziki aipatu beharrekoa. Arlo horretan, erronkak beste kultura batzuetan duen maila du gurean ere, eta erantzun zaila dauka. Nago, gainera, gure kulturarentzako konponbide posibleak ere irudimentsua izan beharko duela, sor daitezkeen beste modelo batzuek ez baitiote erantzun egokiena eskainiko gure kulturari. Esango nuke, gainera, euskarrien kulturatik oraindik ez garela atera, mantso goaz eta modelo zehatzik gabe, gainera. Faltan botatzen dira euskaraz bere osotasunean ikuspuntu digital integral bat duten ekimenak, batzuk asmatzen ari direla dirudi, baina oraindik ere modelo ekonomikoaren aldetik zailtasun handiak dituzte.

Kabi@ren helburua hurrengo hiru urteetan hiru bide indartzea izango da, beraz: euskarazko eduki eta komunitateak indartu, teknologia libreen aldeko apustu argia eta jasangarritasunaren bila eredu digital interesgarrienak sustatu.

AHOTSENEA

Lutxo Egia

Prospektiban murgiltzeak atzera begiratzea dakar lehen-lehenik. Ahotseneak hamar urte beteko ditu 2017an. Gaurko talaiatik pentsaezina litzateke Azoka irudikatzea Eszenatokia, Irudienea, Kabia, Plateruena, Areto Nagusia, Saguganbara eta Ahotsenea barik. Azken hamar urteotan Azokak eredu bat eman dio bere buruari. Pentsatzekoa da, beraz, ez duela hurrengo urteetan halako aldaketarik bultzatuko. Beste kontu bat da kanpotik zer datorren: erakundeek eredua bera estrategikotzat hartzen duten, literatura eta musika kontsumitzeko joerak aldatzen diren… Ahotsenean ere ez dut aldaketa handirik ikusten. Hain zuzen ere, azken bi urteotan, solasaldien eta kontzertuen guneak bereizi genituenetik eta zuzenekoetarako bigarren eszenatokia ezarri genuenetik, Ahotsenea hazi egin da. Gure helburua, noski, Azokan parte hartu nahi duen jende guztiari toki bat eskaintzea da. Gu geu sortzaileak baikara, finean. Baina hurrengo urteotako erronka, ahal dugun neurrian, sortzaileak eta bisitariak ahalik eta gehien zaintzea izan behar da.

PLATERUENA

Ihintza Orbegozo eta Eneko Barberena

Gure ustez, Durangoko Azokak bizitza birtuala eta fisikoa uztartzen asmatu beharko du, azoka disko eta liburu fisikoen eremua da-eta, batez ere, nahiz eta Kabia moduko egitasmoek garrantzia hartu. Esperientzia fisikoak dira Irudienean filmeak ikustea, Saguganbaran jolastea edota Ahotsenean kontzertuak ikustea edota Plateruenan mokadua egitea. Lagunekin egotea, aspaldiko ezagunak agurtzea, idazlea alboan duzula tragoa hartzea, musikariak sinatutako diskoa esku artean izatea... horiek mantentzea ezinbesteko ikusten dugu. Honek ez du esan nahi, ordea, mundu birtuala nola uztartu asmatu behar ez dugunik; bideo-jokoen esparrua hor da edota sare sozialen presentzia masiboa. Bi hankek beharko dute sendo izan, belaunaldi berriak gehitzea nahi bada bederen.

Durangoko Azokak norabidea ondo finkatua duela uste dugu. Azken urteotako erabakiak zuzenak izan dira, gune berrien irekiera esaterako, eta horri eutsi beharko lioke. Dagoena mantentzeaz gain, pertinenteak diren eguneratzeak eginez, guk uste dugu akaso urtean zehar sorkuntza bultzatzeko ekimenak jar daitezkeela mahai gainean. Artisten egonaldiak, sorkuntza trukeak, formazioak… Azoka, aktibitate komertzial gisa harturik ere, ezin liteke aurrera atera sortzailerik gabe. Sortzaileak estimulatzea eta sormenerako espazioak ahalbidetzea interesgarria izan liteke.