INFO

Musikaz beteko dira kaleak asteburuan zehar

Ostiral eta larunbat honetan 26 ikuskizun egongo dira Bilboko merkataritza eremuetan. Aldi berean, bi musika taldek Alde Zaharra eta Bilboko erdigunea girotuko dute 70. hamarkadako diskoteka soinuekin eta jazz erritmoarekin.

Charlot Dixie Jazz Band.

Bilbo kaleko animazioaz eta musikaz beteko da asteburuan zehar. Udalak Gabonetako erosketak susttzeko bultzatu duen ekimena da. Ostiral eta larunbat honetan, 26 emanaldi egongo dira hiriko barrutietan, eguerdian, arratsaldean eta gauean.

Musika emanaldiak honako auzo hauetako merkataritza-eremuetan egingo dira: Uribarri, Deustu, San Inazio, Santutxu, Txurdinaga, Otxarkoaga, Basurtu, Zorrotza, Rekalde, Bilbo Zaharra eta Zabalgunea. Kontzertuak ostiralean, 20.00etatik 22.00etara izango dira, eta larunbatean, 13.00etatik 15.00etara.

Bilboko musika eszenako artistak arituko dira zuzenean, hala nola Baxter, Blues Morning Singers edo The Bilboes Three.

Kaleko animazioari dagokionez, Charlot Dixie Jazz Band eta Fiebre del Sábado Noche taldeek Alde Zaharreko zein Bilbo erdiguneko kaleak girotuko dituzte ostiral arratsaldean eta larunbat eguerdian.