INFO

Amurizak jarriko dio txapela 2016ko Bizkaiko bertsolari txapeldunari

Xabier Amuriza bertsolariak jantziko dio txapela 2016ko Bizkaiko bertsolari txapeldunari. Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala Bilbao Arena pabiloian izango da, datorren larunbatean, abenduaren 17an, arratsaldeko 17.00etan

xabier-amuriza.jpg

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak nabarmendu duenez, bertso munduko erreferente handia da Xabier Amuriza, bai bertsolari moduan, txapeldun ere izan delako, baita bestelako jardunetan egindako lanean ere.

Aurten plazetatik erretiroa hartu du Xabier Amurizak, baina, berak aitortu duen moduan, «bestelakoetatik ez». Horrela, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak omenaldi txikia egin nahi izan dio, eta aurtengo txapeldunari txapela janzteko ardura eman dio.

Abenduaren 17an jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, honako bertsolari hauekin: Beñat Ugartetxea, Etxahun Lekue, Jone Uria, Ibon Ajuriagojeaskoa, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia.