Barandiaranen itzala
Duela hamasei urte, 2000ko abenduan, zera idatzi zuten Jexux eta Jon Aizpuruak ‘Bidegileak. Joxe Migel Barandiaran (1898-1991)’ liburuaren sarreran: «Zorteko izan gara euskaldunok eta baita ataundarrok ere, urte anitzetan geure artean lanean eta osasuntsu izan baitugu».
Askoren ustez XX. mendean izan zen euskaldunik unibertsalena herriko seme izana zortetzat dute, bai, oraindik ere Goierriko herri honetan, eta ez dute ahazteko bidean, ez bera eta ez bere kultur ondarea. Horren lekuko, Barandiaranen heriotzaren 25 urte beteko diren egunotan ataundarrek antolatutako hainbat ekitaldi eta bertan jaso ditugun testigantzak.
Jaiotza eta heriotza egunak gogoratzen ditugu nagusiki gizakiok urteurrenak ospatzerakoan, baina badira ere bestelako data oso garrantzitsuak. Barandiaranen bizitzan eta euskal arkeologian-etnografian-antropologian garrantzi aparta izango zuen 1916 urteak, orduan ezagutu baitzuten elkar Joxe Migel Barandiaranek, Telesforo Aranzadik eta Enrike Egurenek; duela ehun urte Ataungo ‘Antonioeneazpiko’ etxeko atarian jarri zuten hitzordua hirurek, handik Aralar mendira igotzeko indusketak egitera, aurreneko aldiz talde lanean.
Ordura arte, historiaurreko ikerketak zaletu hutsen esku egon ziren, eta hirukote honek jarri zituen –hurrengo hogei urteetako lanari esker– euskal prehistoria ikertzeko oinarri zientifiko sendoak, ondorengoek nondik nora jo garbi eduki zezaten. «Dream team» honek Aralarren, Altzanian, Aizkorrin, Bizkaian eta abarretan egin zituen indusketak bi hamarkadaz, baita Ataunen bertan ere, baina 1936ko gerrak seko eten zuen ibilbide oparo hura. Are gehiago, hiru euskaldun handi haiek ez zuten gehiago elkar ikusi.
Bada Barandiaran Museoan mapa interaktibo esanguratsu asko bat, euskal arkeologiaren bilakaera erakusten duena. Batetik, Barandiaran lanean hasi aurretiko aurkikuntza megalitikoak azaltzen dira, argi urdinez markatuak Euskal Herrian barrena. Botoi bat sakatu eta handik aurrerako aurkikuntzak eta indusketak azaltzen dira, argi gorriz markatuta; desberdintasuna izugarria da. Eta are handiagoa Ipar Euskal Herriari begiratuz gero, erabateko ilunpetik argi gorri mordoxka izatera pasatzen baita.
Garaiko munduko zientzialari handienen pare egon arren, Barandiaranek ez zion sekula apal izateari utzi. Nonbait, beti gorde zuen buruan amak gaztetan esandako hura, Gasteizko apaiztegian nota onak atera zituela-eta etxera harrotu samartuta itzuli zen batean: «Begira, Joxe Migel, sagar arbola hau bezalakoa izan behar da: zenbat eta fruitu gehiago eman, orduan eta apalago» esan omen zion, sagar adarrak lurrera okertuta baitzeuden, pisuaren eraginez.
Ataunen bertatik bertara ezagutu zutenek aho batez diote herri xehearekin egoten zela hura gustuen, gazte eta zahar, artzain eta etxekoandre, haien kontuak aditzen. Beharbada, bere lanetako bat horixe izan zelako, herriaren lekukotasunak jasotzea, zer sinesten zuten, zer ohitura zituzten, nola bizi ziren… etnografo benetakoak egiten duena, azken batean. Dena interesatzen zitzaion, izan eguraldia, baserriko lanak, kontu zaharrak, errekako arrantzaleen pasadizoak, gazteen ohiturak edo eguneko notiziak.
Zientzialaria bai, eta zazpi hizkuntza zekizkiena, baina Ataunen euskaraz egingo zuen hark. Jakina da ia bizitza osoan zaindu zuen Pilar ilobak berorika hitz egiten ziola, eta Joxe Migelek hika erantzun, tarterikoei eta herritarrei egiten zien bezala. Ezezagunei, ordea, zuka.
Esan bezala, egungo ataundarrenganaino iritsi da Barandiaranen itzala. Sagar arbolaren pasadizoa ere aipatu dugu. Bada gertaera hura baliatu du Barandiaran Museoak herriko neska-mutikoek On Joxe Migeli omenaldia egin diezaioten. Hain zuzen ere, arbola bat jarri dute museoan eta eskolako umeek adarretatik zintzilikatu dituzte paperezko «sagarrak», horietako bakoitzean norberaren pentsamendu bat idatzita. Horietako batean «trikuharria aurkitu arte, lan eta lan». Beste batean, «mendian gora eta behera aurkikuntza handi bat egin arte!».
Berrehun ume baino gehiago pasa dira museotik eginkizun horrekin, joan den azaroan hasita, eta bakoitzak bere mezua utzi du. Horretarako, hilabete batez aritu dira irakasleak Barandiaran nor izan zen eta zer egin zuen erakusten ikasleei. Eskolako zuzendari den Itziar Argedasek esan digunez «eskolari izena ematen dion Joxe Migel curriculumean sartuta daukagu, nola ez. Museora askotan joaten gara, eta ibilaldiak ere egiten ditugu, hasi San Martin auzo honetatik eta San Gregorio auzoraino, bideko baserriak, arbolak, landareak eta abereak ikusiz eta horiei buruzko azalpenak emanez». Alegia, Jose Migelek hain maitea zuen etnografia praktikatuz.
Helduagoek ere eman dute urratsa. Esaterako, Ataungo Otsoak dantza taldeko kideek. Joxe Migelek kuttunak zituen tokietara jo dute eta bertan dantza egin, baita irudi horiekin bideo eder bat prestatu eta internetera igo ere. Sara etxeko baratzean, Joxe Migel jaio zen Perunezahar baserrian, San Gregorio elizan, Usuela gainean, bere eskuz induskatutako Jentilbaratzan eta Aralarko Argarbi eta Jentilarri trikuharrietan, ihes egindakoan bizi izandako Sara herriko Ibartsoroberri eta Bidarte etxeetan, Sarako eta Santimamiñeko lezeetan, eta Berno muinoan egin dute dantza Ataungo Otsoek.
Karmele Aierbe zinegotzia da. Joxe Migelekin harreman handia izandakoa da, askotan egoten baitziren elkarrekin eta solasten herriko kontuez, eta pribilegiotzat dauka jakintsuarekin horrelako harremana eduki izana. «27 urteko semea daukat eta oso bestelako bizipena du, normala denez. Badaki, jakina, ataundar guztiek bezala Joxe Migel nor zen eta lan izugarria egin zuela, baina Udalak gertukoago egin nahi luke Barandiaran gazteentzako eta horretarako ematen die laguntza herriko kultur elkarteei».
Aipatu elkarteek lan handia egiten dute urtean zehar; ekimen bat azpimarratzekotan Jentilen Etorrera izan behar, ehunka herritarrek hartzen baitute parte Joxe Migelek jasotako kondairetan oinarritutako ikuskizunean.
Juan Arin eta Joxe Martin Apalategi
Euskal Herrian eta munduan ezagunena bai, zalantzarik gabe, bada Joxe Migel Barandiaran, baina ez Ataungo historia eta kontuak ikertzen aritu den herritar bakarra. Beste bi izen aipatu nahi ditu Aierbek: Juan Arin eta Joxe Martin Apalategi, biak ere lan eskerga egindakoak kultura eta ondare arloan. Juan Arin Joxe Migelen lagun handia izan zen, eta Aranzadi Zientzia Elkartea ari da haren lanak biltzen eta argitaratzeko prestatzen, Udalaren laguntzarekin.
Joxe Martin Apalategi gazteago hil zen, baina eman zion denbora antropologia arloan oso ekarpen baliotsua egiteko. Hauen guztien eta herriko beste ikerlari batzuen lanak jendearen eskura jartzeko asmoa badu Udalak, eta aurreratuak ditu horretarako eraikin egokia prestatzeko lanak.
Maila instituzionaleko ekitaldiak ere ez dira faltako datozen egunotan Ataunen. Hain zuzen ere, Barandiaran Fundazioaren eskutik Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos lehendakariak izango dira Sara etxean bihar, EAEko eta Nafarroako gobernuen ordezkari, beste agintari eta kultur munduko mordo batekin batera, horien artean Eusko Ikaskuntza. Helburua, On Joxe Migeli gorazarre egitea urte luzez hainbeste lan egin zuen etxean bertan.