INFO

Etxeratek ere babesa agertu dio Kalera Kalera ekimenari

Kalera Kalera ekimenak babesak pilatzen ditu egunez egun Usurbilen, eta gaur Etxerateko hainbat kide gerturatu dira bertaraino. Etxeratek «une erabakigarrian» gaudela nabarmendu du, «estatuaren inmobilismoaren aurrean gizarte bat aktibatzen ari delako».

Etxerateko kideak Usurbilen izan dira Kalera Kalerari ekimena agertuz. (ETXERAT)

Etxerateko hainbat kide Usurbilen egon dira Kalera Kalera ekimenari babesa eman asmoz. «Giza eskubideen, bakearen eta konponbidearen konpromisoan, ezin zen gure bermea falta Kalera Kalera ekimenari», adierazi dute ohar baten bidez.

Errepresaliatuen senideen elkarteak adierazi duenez «une erabakigarrian gaude». Hala ere, askorentzat aldaketarik ez dela gogoratu dute «estatuen inmobilismoaren ondorioz». Honen aurrean, ordea, «estatuengandik ezer espero ezin duen jakitun den gizarte bat, eta horregatik, aktibatzen ari dena, espazio ezberdinetan lan egiten ari dena, arriskuak hartuz ere, eta konpromiso, ardura eta heldutasun ukaezina erakutsiz» dagoela nabarmendu dute.

Horregatik, giza eskubideen aldeko ekimena dela kontuan hartuta, Kalera Kalerak sustatutako kanpainari babesa agertu diote. «Bi kolektibo hauen konponbide eta bakearekiko konpromisoa, baztertua izan da bi estatuengandik. Gure eskubide propioak eta bakearekin zein konponbidearekin dugun konpromisoa era berean ukatua izan da, eta kriminalizatua ere», salatu dute.