Bitoriano Loiola Iriondo ‘Ospas’ trikitilaria hil da, 90 urte zituela
Bitoriano Loiola Iriondo ‘Ospas’ trikitilaria hil egin da, 90 urte zituela. Hileta elizkizuna Mendaroko Azpilgoetako parrokian izango da, ostiralean, abenduak 30, arratsaldeko 19.00etan, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak jakinarazi duenez.
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak adierazi duenaren arabera, asteazkenean, hilak 28, zendu zen Ospas, 90 urte zituela eta bihar izango da hileta elizkizuna, Mendaron.
Ospas Mutrikuko Abeletxe baserrian jaio zen 1926an, eta gaztea zela Mendaroko Ospas baserrira joan zen bizitzera familia osoa. Zortzi anai-arreba ziren. Ibiri bailarako eskola etxean ibili zen 3 urterekin hasi eta 12-13 bete arte.
Etxean taberna antzekoa izan zuten eta erromeriak egiten ziren bertan. Handik sortuko zitzaion seguru aski trikitiarekiko zaletasuna; izan ere, bere kontura soinu txikia jotzen ikasi eta urte askoan han-hemenka soinua jotzen ibilia da.
Bi aldiz irabazi zuen 60 urtetik gorakoen trikiti txapelketa Zarautzen, Luzio Ubera lagun zuela panderoa jotzen.