INFO

Itziarren alabek hartu dute Kalera Kalera-ren lekukoa Usurbilen

Emakumez bete da gaur Kalera Kalera ekimenaren Usurbilgo txokoa. Kandela bana eskuan, eurek egon izan diren bezala, egun espetxean dauden 52 euskal emakume preso politikoen izenak erran dituzte banan-banan. Musika lagun, emakumeen sinboloa osatu dute argiekin, eta 50 urte geroago, Itziar bezalako emakumeek semeak ez ezik alabak ere izan zituztela aitortzeko garaia dela aldarrikatu dute. «Agian, bada garaia premia eta min pertsonalak ahultasun bezala baino, aurre egin beharreko arazo kolektibo bezala ulertzeko, kartzelan zein kartzelatik kanpo».

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Usurbilgo Kaleragunea betez, «hemen gaude egun batez Euskal Herriaren independentzia eta gizarte justuago bat helburu borrokan hasi ginen emakumeak» ohartarazi dute hainbat eta hainbat preso politiko ohik. «Hemen gaude gure borroka esparruetan ikusezinak sentitu ginenak eta baita hala ez izateko ahotsa altxatzea eguneroko zerbait bilakatu genuenak ere».

Egun batean atxilotuak izan zirenak. Komisaldegian bortxatuak edo bortxatuak izateko izuaren ondorioz oraindik ere laguntza profesionala jasotzen dutenak. Kartzelara sartu zituztenean bikotekidea galdu zutenak eta babes emozionala ama, ahizpa eta neskalagunek eman zietenak. Ama izan nahi eta kartzelaren ondorioz izan ez diren emakumeak. Barrote atzean eta poliziz inguratuta erditu direnak. Gizonezkoentzako egindako kartzelako soberakinetan bizi izan direnak...

Ahoz aho irakurri duten oharrean adierazi dutenez, emakume izateagatik bi aldiz zigortu dituzte komunikabide, komisaldegi eta espetxean.

52 euskal emakume preso politiko

«Guk noizbait jasan genuena egun 52 euskal emakume preso politiko ari dira pairatzen, eta kezkatuta gaude –azpimarratu dute–. Horietako 13 bakarrik daude eta Estatu espainoleko kasuan gehienak bizi erregimen gogorrenean. Kalean behar ditugu».

Benetako bakea eta askatasuna eraikitzekotan gatazka politiko armatuaren ondorioak lantzeaz gain, emakumeen kasuan gatazka horren itzalean gordetzen diren bertze indarkeriak ere landu behar direla ohartarazi, eta horretarako kooperazio esparri bat proposatu dute, eragile guztien parte-hartzea izanen lukeena. Jendarte osoa eta bereziki emakumeen eskubideen alde lanean ari diren eragileak gonbidatu dituzte.