INFO

CVCEPHOTO lehiaketako sarituak Bilbao Mendi Film Festivalen

Club Vasco de Camping Elkarteak antolatutako nazioarteko argazkilaritza sariketako irabazleekin mahai ingurua egin zen Bizkaiko hiriburuan: Paul Bride kanadarra, Yhabril Moro bilbotarra eta Krystle Wright australiarra. Jon Herranz getxotarrak ere parte hartu zuen.


Bilbao Mendi Film Festival jaialdia amaitu zela ia hilabete igaro da. Mendiko eta kirol abenturen euskal zinemaldiaren bederatzigarren ekitaldiari buruz ari gatzaizkizue. Sail ofizialean lehiatzen ziren lanak ikusteko aukera izateaz gain, Bilbao Mendi Filmeko arduradunek makina bat jarduera antolatu zituzten. Horietako bat, Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak antolatutako iazko CVCEPHOTO lehiaketan saritutako argazkilariekin eginiko mahai ingurua.

Protagonistak honakoak izan ziren: Paul Bride kanadarra (irabazlea, “The Storm” argazkiarekin), Yhabril Moro bilbotarra (bigarrena, “Oreo’s Warth”-ekin) eta Krystle Wright australiarra (hirugarrena, “The Citadel”-ekin). Horiekin guztiekin batera, Jon Herranz getxotarra (iazko finalista eta Bilbao Mendi Film jaialdiaren kartelean azaltzen den irudiaren egilea). Mahai ingurua gidatzen, berriz, CVCEPHOTOko ordezkari Rafa Elorzak jardun zuen. Abenduaren 10ean izan zen hitzordua, eta ikusle asko bertaratu ziren argazkilari profesionalen iritziak entzutera.

Ikusle asko izan zituen ere Bilbao Mendi Film jaialdiak Bilboko metro sareko hainbat geltokitan antolatu zuen erakusketak. Hain zuzen, iazko CVCEPHOTO lehiaketako irabazleen zein finalisten lanak jarri zituzten geltokietan, milaka eta milaka bidaiariren arreta bereganatuz.

Bide batez gogoratu behar dugu Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak antolatutako nazioarteko mendi jardueraren inguruko argazki lehiaketak bi ekitaldi bete dituela jada; biek ala biek, gainera, goi mailako jarraipena izan dute. Hirugarrenari dagokionez, aurreratu izena emateko epea zabalik dela dagoeneko. Horrez gain, hirugarren edizioak sari berri bat du: Bilbao Mendi Film jaialdiaren saria. Irabazlearen argazkia euskal mendi zinemaldiaren hamargarren ekitaldiko kartela izango da.

Hurrengo lerrootan Bride, Moro, Wright eta Herranzekin Elorzak zuzendutako mahai inguruaren hainbat pasarte jaso ditugu. Sarituen zein finalisten argazkiak ikusteko, berrez, CVCEPHOTOren web orrira jo daiteke.

Lehenik eta behin. protagonistok argazki lehiaketaren iazko ekitaldian saritutako lanen inguruko hausnarketa egin zuten. Wrightek, adibidez, adierazi zuen hirugarren saria jaso zuen argazkiarekin harro dagoela: «Ez nuke aldatuko; argazki bat gustuko badut uste dut ez dela ezer aldatu behar. Jakina, argazki bat egitera ateratzen naizenean, beti hobetzeko helburua dut buruan. Egiten dudanaren segundo bat bera ere ez nuke aldatuko; aurrean duzuna aprobetxatu behar da eta kito. Argazki saritu hori egiteko sei saio egin behar izan nituen. Eta uste dut artista bezala eboluzionatu egin dudala».

Morok, berriz, uste du bere argazki sarituaren merituaren erdia irudian agertzen den protagonistarena dela: «Kirolariak maila handia badu, irudi on bat ateratzeko aukerak biderkatu egiten dira. Alabaina, meritu guztia talde osoak du».

Briderentzat bere argazki irabazlea oso-oso adierazkorra da: «Eguraldi oso txarreko egunak ederrak dira oso niretzat, eta ‘Storm’ argazkiarekin hori bizi izan nuen. Beste era batera esanda: argazki horrekin nire ametsa egia bihurtu zen. Niretzat plazera da eguraldi kaskar horrekin lan egitea, ez erokeria. Ingurune guztia argazkian jasotzeari garrantzi handia ematen diot. Eguraldi eguzkitsu batekin argazki hori ateratzea aspergarria izan daiteke».

CVCEPHOTO lehiaketako ordezkariak eginiko hurrengo galderan argazkilariek erantzunean ia erabat egin zuten bat. Elorzak gogoratu zien irudi sarituetan eliteko kirolari bana agertzen dela.

Bride: «Ez dut uste irudi onak egiteko eliteko kirolariak behar direnik ezinbestean. Nire ustez pertsona egokiak bilatu behar dituzu. Lasai asko lagun bat izan daiteke, eta hark bere buruan xede on bat izan dezake. Argazkian agertzen denak eta hura ateratzen duenak ikuspegi bera izan behar dute. Horrez gain, lanerako ingurua ezagutzea ezinbestekoa da. Atzerrian asko egiten dut lan, eta, leku jakin batera banoa, leku horrekin erabat motibatuta nagoelako da. Abentura, emozioa… horrek guztiak garrantzi handia dauka. Bide batez aurreratu behar dut argazkilari batzuek ere inspiratzen nautela».

Moro: «Goi mailako kirolari batek lan on batean asko lagun dezake. Zure ametsetako argazkia ateratzean lan horren zati garrantzitsu bat kirolariak du».

Herranz: «Eskaladan ez dut uste aipatzen duzuen eliteko kirolari hori hain beharrezkoa denik, baina argi daukat laguntzen duela; besteak beste, gaia erabat menderatzen duelako. Alabaina, argazkirik onena eskalatzaile bat 6a graduko bide batean dela lor dezakezu. Ez da soilik arlo teknikoa, humanoa ere bada».

Wright: «Nire kideek bezala, nik ere kirolari profesionalekin egiten dut lan. Hori bai, ez naiz bakarrik espezialitate batean zentratzen; abentura bere osotasunean jorratzen dut argazkilari bezala».

Lanaren beste aldeak

Mahai inguruan parte hartu zuten argazkilari guztiek argi utzi zuten, beste lanbide batzuetan bezala, beraienean ere atzetik lan asko dagoela: dokumentazioa, antolaketa… Hala ere, batzuek onartu zuten ezusteari ere tartea uzten diotela.

Herranz: «Nahiago dut eremu eta arlo jakin batean lan egin. Protagonistari unean uneko hainbat gauza errepika ditzala eska diezaiokezu; askoz ere errealistagoa da. Gauzak aldez aurretik prestatu baino nahiago dut lan hori egiten dudan bitartean egoera deskubritu».

Moro: «Lan egoera planifikatzen dut; horrek zoratu egiten nau. Baina egoera jakin bat, momentukoa, interpretatzea ere gustuko dut oso. Eta hori irudi sarituarekin gertatu zitzaidan. Argazki hori lan eremu horretan interpretatu eta planifikatu genuen, eta ondo atera zen».

Wright: «Askotan irudi on bat ezustean iristen da; gutxien espero duzun momentuan. Nire argazki saritu hori lortzeko, aldiz, atzetik lau urteko lana eta makina bat saio daude. Eskarmentua hor dago, eta azkenean lortu nahi duzun emaitza iristen da. Espedizioak egiten ditut, eta, beraz, dokumentazio lanak garrantzia du. Ezustekoak beti izaten ditut, baina nire kasuan lan hori aldez aurretik planifikatzen dut. Dena dokumentatzen dut; ez da magia kontua».

Bride: «Batzuetan planifikazio hori ez da ondo ateratzen, baina zenbaitetan emaitza ona lor dezakezu. Arduratzen nau xehetasun guztiak planifikatzeak. Eta huts egiten duenean?».

Bestalde, Elorzak galdetu zien lehiaketa baterako argazkia nola aukeratzen duten. Eta guztiek ala guztiek erantzun zuten lan egiten dutenean ez dutela lehiaketa jakin batekin pentsatzen.

Wright: «Inoiz ez dut argazki bat egiten lehiaketa batean aurkezteko, besteak beste, subjektiboak direlako. Lehiaketetan parte hartzen dut, baina ez argazkilari profesional bezala, baizik eta era independente batean. Nire helburua argazkiak egitea da, eta gero aztertzen dut horiek lehiaketa batera bidali ala ez. Alderantziz izango balitz, uste dut misterio zein magia guztia galduko luketela argazkiok».

Moro: «Iritzi berekoa naiz. Ondo dago aitortza jasotzea. Baina jakin badakit ere lehiaketa bat loteria hutsa dela. Aukeraketa oso aspergarria da».

Herranz: «Erabat ados nago. Zure lanbideak lehentasuna dauka, eta lehiaketa bigarren mailako gauza bat da».

Bilbao Mendi Film jaialdiko mahai inguruan izan zirenek argi utzi zuten beren lanean arlo batzuek iraultza jasan dutela. Eta adibide gisa irudi digitalaren mundua aipatu zuten.

Herranz: «Nik irudi analogikoekin hasi nintzen, baina aldaketa zoragarria izan da. Analogikoarekin askoz ere mugatuago zaude. Gainera, oso garestia zen. Horrez gain, koloretako argazkiak tratatzeko ez zenuen aukerarik».

Bride: «Aldaketa onerako izan da. Egun lan egitea errazagoa da; aldaketa horrek gure lana asko erraztu du. Nik, bederen, trantsizio hori eskertzen dut. Analogikoarekin hiru argazki-film baino gehiago ez nituen ateratzen; oso garestia zen. Egun, berriz, etxetik kanpo pare bat aste egon eta 3.000 irudirekin itzultzen naiz!».

Irudi digitalen agerraldiarekin batera, CVCEPHOTOko ordezkariak gogoratu zien Internet ere iritsi zela eta badirudiela edonor izan daitekeela egun “argazkilari”.

Wrigth: «Argazkilari edonor izan daiteke, baina profesionala izateko gaitasuna ere izan behar duzu. Internetek, berriz, alde ezberdinak ditu. Lan gehiago egiteko aukerak zabaltzen ditu. Baina, bestalde, ‘argazkilari’ gehiago agertzen dira. Uste dut egoera berrietara moldatu beharra dugula».