Larrabetzu, Ataun, Errezil, Areatza eta Mendaro UEMAko kide izango dira larunbatetik aurrera
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak batzar nagusia egingo du larunbatean Larrabetzun eta, bertan, UEMAko kide izateko udalek eginiko eskaera berriak aztertuko dituzte. Larrabetzu, Ataun, Errezil, Areatza eta Mendaro gehituta, 82 udalerri izango dira UEMAko kide, guztira 240.000 biztanleko lurgunea osatuz.
Agintaldi honetan UEMAko kide izateko urratsa egin duten udaletako alkate eta zinegotziek agerraldia egin dute Larrabetzun, bertako kultur etxean larunbatean mankomunitateak egingo duen batzar nagusiari begira.
Larunbateko hitzorduan, 2017rako ildoak zehazteaz gain, Larrabetzu, Ataun, Errezil, Areatza eta Mendaroko udalek aurkeztutako eskaerak aztertuko dituzte eta, horiek gehituta, 82 udalerri izango dira UEMAko kideak, guztira 240.000 biztanleko lurgunea osatuz.
25 urte bete berri dituen UEMAk aurreikuspen «ederrak» ditu 2017. urteari begira, Josu Labaka mankomunitateko presidenteak. «Beste hainbat herrik erakutsi du UEMAko kide izateko gogoa eta horiekin ere ari gara bilerak egiten, ahalik eta adostasun zabalenarekin har dezaten erabakia, iraunkorra izan dadin».
UEMAra sartzea «ohorea eta beharra» dela adierazi du, bere aldetik, Iñigo Gazteluk, Larrabetzuko alkateak, mankomunitateko kide izanda «inoiz baino euskararen herritarrago» direlako larrabetzuarrak: «Euskara hizkuntza erabilia eta bizia izatea: horra gure helburua. Guztion gogoa eta ahalegina eskatzen duen helburua; helburu ilusionagarria; denoi dei egiten digun helburua: norbanakoei eta kolektiboei, herri aginteei, alderdi politikoei, langileen sindikatuei, enpresari-elkarteei, kirol, aisialdi nahiz kultur arloko elkarteei, gizartearen arlo desberdinetako erakundeei, eta abarri». «Gustuko dugun helburua da, gustura hartzen dugun konpromisoa», azpimarratu du.