INFO

Sagardoaren txotx garaia abian, Eneko Atxaren eskutik

Astigarragan ekin diote sagardoaren txotx garai berriari, Eneko Atxa sukaldaria izan dute gonbidatu berezi aurten Zapiain sagardotegian egin duten ekitaldian. Lehen aldiz, Euskal Sagardoa izendapena zeraman kupela lekuko.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


«Gure sagardo berria» esanez eta sagardo berri bete baso bertaratuen aurrean altxa eta edanez iragarri du sagardo txotx denboraldi berria Eneko Atxa sukaldari entzutetsuak. Hiru Michelin izarren jabe, bizkaitarrak sagarrondo bat aldatu du Astigarragako Sagardo Etxearen parean txotxari ekin aurretik.

Berrikuntza nabarmena aurten, asteon iragarri duten Euskal Sagardoaren izendapena da, hala izendatua zen kupeletik irten baita Zapian sagardotegiko lehen txotxari bide eman dion sagardo zurruta. Udaberrian 35 sagardotegik botiletan eskainiko dute %100 bertako sagarrarekin egindako Euskal Sagardoa. 

Sagardun ekoizleen elkarteak adierazi duenez 12,5 milioi litro osatu dituzte aurten, iaz baino milioi erdi gutxiago. Sagardo dotorea, aromatikoa eta edateko erraza dela adierazi dute. Kolorez beste urteetan baino indartsuagoa dela adierazi du Jose Angel Goñi bozeramaileak. Sagarraren uzta zertxobait atzeratu eign dela ere adierazi dute, oro har. Ekoizpenaren %40 bertako sagarrarekin egin dela adierazi dute.