Presoekiko babesa eta askoz gehiago loratu du Bruselara bidaiak
Euskal Herrian dira aurreko hiru egunetan Bruselan izan diren Etxerateko kideak, atzo iritsita. Igarotako guztiari begiratuta, arras ezberdina zen atzo itzuli aurretik Bruselako aireportuan arnasten zen giroa, astearte goizean Biarritzen zegoenaren aldean. Egun gutxi pasatu dira, baina gauza asko aldatu dira. Asteartean urduritasuna zen nagusi. Atzo, berriz, pozarren ziren senideak Europar Parlamentuan jasotako babesarekin. Konfiantza dute larriki gaixo dauden presoen egoera hobetzeko balioko duela.
«Oso pozik nago. Gero ikusiko dugu zer gertatzen den, baina helburua betea da», zioen Gentzane Callejok. Jagoba Codo iloba gaixo du Castelloneko espetxean, baina bidaiak asteartean Biarritzerako bidean zeukan sentsazio garratza hobetzen lagundu dio. Urte gogorrak eta borroka luzekoak izan dira beretzat azkenak ilobaren gaitza tarteko, eta une askotan desilusionatuta ere sentitu dela aitortu zuen. Giroa itzalita eta bidea zail ikusten zuen. Behin Bruselara iritsita, ostera, indarrak atera zituen berriro gaixorik dauden presoen egoera ahalik eta toki gehienetan ezagutzera eman asmoz.
Antzeko zeozer gertatu zaio Mila Iradiri; Ibon Fernandez semea espetxean du esklerosi anizkoitzarekin eta berriki askatasun eskaera ukatu diote, beste behin. Bruselan izandako bileretan bere testigantza eman du Milak, eta, aitortu zuenez, ez da erraza izan: «Kostatu zait korapiloa askatzea, baina orain uste dut berriro egiteko gai ere izango naizela».
Entzutearen balioa
Ilusio horretan murgilduta, elkarrekin bizitako esperientziak garrantzi handia izan duela ondorioztatzen da guztien hitzetatik. Urtzi Errazkin Etxerateko bozeramaileak talde bat egin dela nabarmendu zuen eta Janine Beyrik ere beste senide batzuekin egon izanaren balioa azpimarratu zuen.
Bidaiak momentu asko utzi ditu, denek gogoratuko dituztenak. Negar eta irri egiteko egunak izan direla zioten aireportuan izandako elkarrizketa eta telefono deietan. Gehienek ezezaguna zuten Europar Parlamentura sartu eta bertan aurrera eta atzera ibiltzeak nerbioak astindu zituen, baita algarak eta asebetetzea ere bilerak emaitza onak ematen ari zirela ikusita.
Entzun eta ulertzen zituzten belarriak aurkitzea eskertu dute bereziki. Ezagutu dituzten europarlamentariek beraiekiko enpatia erakutsi dutela nabarmendu dute guztiek bueltako bidaian. Bileretan ikus zitekeenez, zinez larrituta jaso zituzten senideen hitzak. Jakin badakite gauzak ez direla errazak eta egoera biziki konplikatua dutela aurrean, urte gehiegi baitaramate salbuespen espetxe-politika jasaten. Ostera, egun hauetan Bruselan lortutakoa orain bi urte egindako bidaiaren fruitua da eta konfiantza dute oraingoak ere ekarriko duela emaitzarik.