Sara Majarenas «lehenbailehen» askatzeko eskatu du EH Bilduk
Sara Majarenas euskal preso politiko intxaurrondotarrari «elkartasunik beroena» helarazi dio EH Bilduk, honen bikoteak haien alaba labankadaz larri zauritu ostean. «Lehenbailehen» baldintzapeko askatasunean jartzeko eskatu dute, «alabaren interes gorena dela eta, ama eta alaba elkarrekin egon daitezen, kalean».
Sara Majarenas euskal presoaren alabak jaso duen eraso aurrean, Majarenas «lehenbailehen» baldintzapeko askatasunean jartzeko «ahalegin berezia» egingo duela adierazi du EH Bilduk, «alabaren interes gorena dela eta, ama eta alaba elkarrekin egon daitezen, kalean».
Koalizioak nabarmendu egin du ama eta alaba «biktima bikoitzak» direla, dispertsio politikarena eta indarkeria matxistaren biktimak, alegia. Majarenasek zigorraren hiru laurdenak beteak ditu. «Jendarte parekidea eraikitzeko eta emakumeen eta gizonen arteko botere-harremanak gainditzeko beharra inoiz baino ageriago uzten du gertaera latz honek», adierazi dute ohar baten bidez.
«Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Oraindik, neurri handi batean, ezkutuan mantentzen da, justifikatu eta tapatu egiten da. Ez da, inola ere, esparru pribatuari dagokion arazo bat. Arazo kolektiboa da, guztiona, eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea, emakume eta gizonena, herritar, elkarte zein erakundeena. Indarkeriaren inguruko legeetan orain arteko ikuspegia motz geratzen zaigula agerian geratu da; horregatik, legearen berrirakurketa eta eguneratzearen beharra nabaria da», gehitu dute.
Bestetik, Donostiako EH Bildu udal taldeak Sara Majarenas euskal preso politiko intxaurrondotarrari eta haren familiari «elkartasun beroena» helarazi die, presoaren bikoteak bien alaba labankadaz larri zauritu eta gero. Era berean, datozen ordu eta egunetan, eraso honi eta haren ondorioei «jarraipen zorrotza» egiteko konpromisoa hartu du koalizioak.
EH Bilduk gogora ekarri du Majarenas Picassenteko espetxean dagoela preso, Valentzian, «sakabanaketa politika ankerraren ondorioz». Honen aurrean, Eneko Goia alkateari «laguntzeko bitarteko guztiak ziurta ditzala» eskatu diote eta harremanetan jar dadila senideekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, «erasoak jasaten dituzten adin txikikoak babesteko zerbitzuen laguntza bideratzeko».
Dispertsioa honetarako oztopo ez dadila izan eskatu dute ohar baten bidez. «Alkatearen ardura da pertsona haiei elkartasuna eta babesa adieraztea, eta batik bat, behar duten laguntza lehenbailehen eskatzea eta bermatzea».