Sara Majarenas aske utz dezatela eskatu dute espetxean ama izandako preso ohiek
Espetxean zeudelarik ama izan ziren hainbat preso ohik nabarmendu dute aitak larri zauritu zuen Izarren osasun fisiko zein sikologikoan «ezinbesteko zutabe» dela ama, Picassenten preso dagoen Sara Majarenas. Duela bi urte eta erdi zigorraren hiru laurdenak bete zituelako eta haurraren osasunarentzat «behar-beharrezkoa» delako, Majarenas aske uzteko eskatu dute.
Sara Majarenas presoaren alaba Izarri aitak eginiko erasoaren ondotik, espetxean zeudela ama izan ziren zenbait preso politiko ohik Donostian egin dute agerraldia. Emakume, preso ohi eta ama bezala erasotuta sentitu direla azpimarratu eta gogor salatu dute «patriarkatuaren islada eta ondorio zuzena den eraso anker eta doilor hau». Senarrak hil eta Arga ibaira bota zuen Blanca Esther Marques ere gogoan izan dute, zentzu horretan.
Izarri, Majarenasi eta haien senideei «elkartasun eta maitasun osoa» adierazi ondoren, agerraldian izan diren emakume guztiak biltzen dituen esperientziaren berri eman dute: preso zeudela ama izan zirela. «Gu kartzelan ginelarik izan ginen ama, bertan hazi genituen gure seme-alabak. Carabanchel, Yeserias, Granada Picassent, Pau, Dueñas, Aranjuez, Fleury, Soto del Real edo Teixeiroko espetxeak izan ziren gure umeen bizileku, euren lehen hiru urteetan espainiar Estatuko espetxeetan eta 18 hilabete Estatu frantsesekoen kasuan», azaldu dute.
Zehaztu dute guztira 40 direla bi estatuotako espetxeetan jaio eta bizi izan diren euskal haurrak, azkena lehengo astean bertan, Valentzian. Hogei haurrek oraindik ama espetxean daukate.
Agerraldian izan direnen izenean Maitane Sagastumek eta Anabel Prietok azaldu dutenez, haurraren premiak kontuan hartuz gero, «gabezia asko» daude espetxeetan, beraiek senideen laguntzarekin «orekatzen» saiatu zirenak: «gure senideek ateratzen zituzten haurrak espetxetik kalea, mendia edo hondartza ezagutu zitzaten, kalitatezko elikadura bat eskaintzen saiatu ziren haurra beraiekin kalean zen egunetan behintzat, eta gure senideak egon ziren ospitalean gure haurren bat ingresaturik egon zenean».
Haurrekin kalera atera ahal izateko, senideek ehunka kilometro egin behar izaten zituztela adierazteaz gain, umeak «beraiena ez zen errealitate sozial eta kultural batean» bizi behar izaten zutela esan dute: «euskaraz hitz egiten ez zen lekuetan, herrialde arrotzetan, Euskal Herritik oso urrun».
Hala eta guztiz ere, «kartzelan gabezia txiki asko bazituzten ere», azpimarratu dute kalera ateratzerakoan ematen zela «gabezia handia, amaren falta». «Edozein ama eta umeren arteko lotura berezia bada, zer esanik ez haur hauen kasuan».
Behin kalera aterata, egoera berrira ohitzeko prozesua «luzea eta konplexua» dela esan dute Prietok eta Sagastumek.
«Ezinbesteko zutabe»
«Kartzelatik ateratzen den umearen eta bertan gelditzen den amaren arteko banaketa kasu guztietan zaila eta gogorra bada, zer esanik ez Izarrik bizi duen bezalako egoera batean», azpimarratu dute.
Zentzu horretan, argi utzi nahi izan dute Majarenas dela Izarri «lasaitasuna, ziurtasuna eta oreka eskaintzen dizkiona; beste era batera esanda, Izarren osasun fisiko eta sikologikoan ezinbesteko zutabe da Sara».
Era berean, gogoratu dute Izar ingresatu zutenean «medikuek beraiek eskatu ziotela kartzelari Sara umearengana ahalik eta gehien eraman zezaten, Izarrek oso positiboki erantzun baitzuen Sararen estimuluen aurrean».
Horrez gain, nabarmendu dute Majarenasek duela bi urte eta erdi bete zituela zigorraren hiru laurdenak eta kalean behar lukeela. «Izarrek martxoaren hasieran hiru urte beteiko ditu eta ezingo da denbora gehiagoz bere amarekin kartzelan egon. Ondorioz, Izar ospitaletik ateratzean bere amarekin Donostiara, etxera itzuli behar dela esan nahi dugu ozen, justiziagatik, printzipio etikoengatik eta haurraren osasunarentzat behar-beharrezkoa delako».
«Bide luzea dute aurretik, eta ezinbestean biek elkarrekin egin beharreko bidea. Sara eta Izar etxera», aldarrikatu dute.