INFO

Lutxo Egiak eta Chema Trujillok irabazi dute Cafe Bar Bilbao gidoi lehiaketa

Lutxo Egia, euskarazko atalean, eta Chema Trujillo, gaztelaniazkoan, izan dira XIV. Café Bar Bilbao Antzerki Gidoi Lehiaketaren irabazleak. Sari hauen helburua gidoigintza eta formatu txikiko antzerkia bultzatzea da eta Plaza Berriko Cafe Bar Bilbao tabernak antolatzen ditu, Tartean Teatroa antzerki-konpainiaren laguntzarekin.

Lutxo Egia, Mikel Martinez aktorea eta Cafe Bar Bilbaoren jabea, eta Chema Trujillo sari banaketan.

Cafe Bar Bilbaok saritutako euskarazko lanak ‘Identitarteak’ du izenburua, Igor Elortza bertsolariak asmaturiko hitz batetik hartuta. Lutxo Egiak bidai bat proposatzen du «mundu itxi, aldaezin eta esentzialistatik egun identitateak konfiguratzen dituzten praktika sozialetara» eta hori guztia «identitatea» hitza aipatu gabe eta jolas arin bat bezala aurkeztua, absurduan eta surrealismoan barrena.

Lutxo Egia del Rio (Santander, 1969) Soziologian eta Zientzia Politikoetan lizentziatua eta kazetaritzan aritua da. Idazlea eta gidoilaria ere bada da eta Durangoko Azokako Ahotseneako koordinatzailea.

Bestalde, gaztelaniazko saria irabazi duen Chema Trujillok bere lagun Ana Blanco aktorearentzat idatzi zuen gidoia, honek beti Elizabeth Taylor interpretatzeko nahia adierazten zuelako. Istorioa 1965an gertatzen da, goi-mailako festa batean. Warhol-en margo koloretsu baten aurrean topo egiten dute Marcel Duchamp margolariak eta Elizabeth Taylor aktoreak. Chema Trujillo (Plasencia, Cáceres, 1973) aktorea da eta 22 urte zituela debuta egin zuen Meridako Antzerki Klasikoaren Festibalean. Ordutik, hainbat eta hainbat antzezlanetan parte hartu du.

Edizio honetara gaztelaniazko 25 lan eta euskarazko 10 aurkeztu dira. Idazle sarituek 1.000 euro jasoko dituzte, eta lanak liburu batean eta Cafe Bar Bilbaoren eta Tartean Teatroren webguneetan argitaratuko dira. Bi enpresok saritutako lanen muntaketa eta taularatzea bultzatuko dute.