Erabaki dute Hernani eta Astigarrako bizilagunek martxoaren 19ko galdera
«Nahi al duzu Euskal Herria errepublika burujabe eta independentea izatea?» galderari erantzun beharko diote Hernani eta Astigarragako bizilagunek datorren martxoaren 19an etorkizun politikoari lotuta egingo duten herri galdeketan.
Martxoaren 19rako galdera badute Hernani eta Astigarragak: «Nahi al duzu Euskal Herria errepublika burujabe eta independentea izatea?». Bagabiltza herri plataformatik sortutako galdera da, batzar irekian bozkatu eta berretsia izan dena.
Aipatu batzarrean azaldu dutenez «askotariko» bideak zabaldu dituzte herritarrek galderaren osaketan parte hartu zezaten. Hiru saio berezi ere egin dituzte berau zehazteko eta, Oier Agirresarobe eta Ane Iturbe galdera taldeko dinamizatzaileek adierazi dutenez, terminologian sakontzen ari dira batez ere.
Gaineratu dute prozesua «aberatsa» izan dela, ikasteko balio izan dielako: «Besteen tokian jartzen saiatu gara. Aberasgarria izan da».
Behin galdera zehaztuta, galdeketari begira lanean jarraituko dute, hainbat talde ezberdinetan banatuta. Martxoaren 19a «demokraziaren festa» izatea nahi dute, horregatik, hainbat kultur eta kirol ekitaldi egiteko lanean jarriko dira.
Batzarrean adierazi dutenez, gainera, otsailean zehar galdeketaren aldeko abestia aurkeztuko dute.
«Berriketan» Lasarte-Orian
Lasarte-Oriako dozenaka herritarrek hartu dute parte Gure Esku Dagok antolatutako «berriketan» dinamikan. Maiatzaren 7ko galdeketaren aurretik herritarren harteko harremanak sendotzea izan du helburu aipatu ekimenak.
Bide batez, kontsultaren galdera erabakitzeko lehen ideiak mahaigaineratzeko ere erabili dute saioa, Unai Apaolaza filosofia irakaslearen parte hartzea izan duena hain zuzen. Erabakia, baina, hurrengo asterako utzi dute.