INFO

Kontraerasoan jokatzea nahikoa izan zaio Real Madrili Reala menpean hartzeko (3-0)

Maleziagabe aritu da Reala Bernabeun, baloiaren jabetza izanez baina aurkariaren atean arrisku apurrik sortu gabe. Real Madrili, berriz, nahikoa izan zaio atzean sendo mantendu eta kontraerasoan irtetea garaipen erraz bat eskuratzeko (3-0). [Neurketaren xehetasunak]


Ilusioz ziren donostiarrak aspaldiko partez Santiago Bernabeun emaitza on bat eskuratzeko ideiarekin. Joko bolada onean, eta aurkaria bolada txar bat pasatzen, gaur zuen eguna Realak Real Madril menpean hartzeko. Baina Real Madril beti da Real Madril, eta hala erakutsi du gaur ere.

Ondo hasi dira txuri-urdinak, minutuen joanarekin bere jokoa indarra galtzen joan bada ere, erabat Real Madrilen pean amaitzeraino. Baloiaren jabetza eskuratu dute lehenengo minutuetan, baita aukera pare bat sortu ere -nahiz ez izan oso argiak-, baina hori ez da urduritzeko arrazoi izan madrildarrentzat.

Atzean sendo, kontraerasora ateratzera mugatu da Real Madril, eta hala egin du partidako lehenengo gola ere. Kovacic izan da golegilea, 37. minutuan. Markagailuan aurretik, are erosoago sentitu dira madrildarrak baloia Realari utzi, atzean sendo agertu eta kontraerasora irteteko ideia horretan. Bada, ia egin du berdinketaren gola Juanmik 44.ean, baina bere jaurtiketa zuzenean joan da kanpora.

Atsedenaldira, beraz, gol bat atzetik iritsi dira donostiarrak. Eta atzetik etorri dena ez da hobea izan. Bigarren zatia hasi eta bost minututan egin du bigarrena Real Madrilek, Cristiano Ronaldoren bidez eta berriro ere kontraeraso bat aprobetxatuz. Eta berriro itzuli da errutinara partida: Reala baloiarekin eta madrildarrak atzean. Denboraren joanarekin, baina, gero eta arrisku gutxiago sortu dute donostiarrek.

Aukerak madrildarren eskutik etorri dira. Esaterako, gol bat bertan behera utzi diote Moratari 71.ean, jokoz kanpo zegoelakoan. Eta, jarraian, bigarren txartel horia ikusi du Iñigo Martinezek, bere taldea hamar jokalarirekin utziz.

Gol bat baliogabetu badiote ere, bigarren bat egiteko beta izan du Moratak, legezkoa oraingoan. Cristiano Ronaldok laugarrena egiteko aukera ere izan du, baina jokoz kanpokoa adierazi eta gola bertan behera utzi diote 89. minutuan.

Hiru gol jaso eta esku hutsik itzuli dira, beraz, donostiarrak.

Errepasatu neurketak utzi dituen xehetasun guztiak NAIZen webgune berezian.