INFO

Tinko, gazteak berriz herrian izan arte

Bi hilabete dira, Guardia Zibilarekin izandako liskar baten ondotik, zazpi gazte altsasuar espetxeratu zituztela. Horietako lau karguekin baina aske geratu ziren abenduan. Gainerako hiruren, Jokin Unamunoren, Adur Ramirez de Aldaren eta Oihan Arnanzen, zain jarraitzen zuten herrian senide eta lagunek orain aste bete. Gertatutakoa sinetsi ezinda eta gazteek herriko bazterretan utzi duten hutsunea bete ezinik.


Soto del Realeko espetxean eta gertatutakoa sinetsi ezinda ematen dituzte egunak Jokin Unamunok (22), Adur Ramirez de Aldak (22) eta Oihan Arnanzek (21). Eta sentsazio berberak barrenak astinduta topatu ditugu Altsasun makina bat herritar. «Hain da surrealista egoera, onartzea ere zail egiten zaigula». Hala mintzatu da, Koldo, Oihanen aita. Mahaiaren bueltan eseri da, Antxon, Adurren aita, Igone, Jokinen ama, eta hiru gazteen lagun, gazte asanbladako kide, ikaskide, lankide eta gazteek parte hartzen zuten herriko elkarteetako hainbat ordezkariekin batera. Talde zabala da, baina Altsasuko gazteen atxiloketak 7.400 biztanle dituen herrian «ia inor ez du ukitu gabe utzi». Izan ere, hiruk jarraitzen zuten espetxean orain aste bete, baina zazpi izan dira urriaren erdian bi guardia zibilekin eta haien neska-lagunekin herriko Koxka tabernan izandako liskarraren ostean espetxeratu zituztenak, eta hamaika, auzipetuak, horietako bi adin txikikoak.

Paradoxikoa da Irune Unamunoren kasua. Jokinen arreba izateaz gain, Adurren kuadrillakoa ere bada eta Oihanen eskolako laguna izan da.

Gertaeren errepaso azkarra egin dute. Egoera hau sortu duten gertaerak urriaren 15eko goizaldean jazo ziren, Altsasuko Koxka tabernan. Egun horretan bertan bi lagun atxilotu zituzten, baina aske geratu ziren Iruñeko epailearen aurrean deklaratu ostean. Ez zen, ordea, lasaitasuna iritsi herrira. Kasua Auzitegi Nazionalak har zezala erabaki zuten ondoren, Covitek «terrorismoa» egotzita salaketa bat jarri ostean, eta herriko hainbat gazteren izen-abizenak zekartzan txosten baten berri izan zen herrian. Handik gutxira, berriz, zortzi pertsonaren atxiloketa, polizialki eta mediatikoki oihartzun handia izan zuen operazio batean –beste bi gaztek beren burua aurkeztu zuten Auzitegi Nazionalean–. Guztira, zazpi gazte espetxeratu zituen epaileak gertaerak Zigor Kodeko 573. artikulu barruan kokatuta –gazteek hamar eta hamabost urte arteko espetxe zigorra jasotzeko arriskua dute–. Horietako lau aske geratu ziren abenduaren 20an, astean bitan epaitegian aurkezteko eta Estatu espainoletik ez irteteko aginduarekin. Unamuno, Ramirez de Alda eta Arnanz kartzelatuta mantentzea erabaki zuen, ordea, Carmen Lamela epaileak, besteak beste, kasu zehatz honekin zerikusirik ez duten eta jarduera politikoarekin lotuagoak dauden arrazoiak emanda.

Esandako «astakeriak» gezurtatzen. Ordudanik haiek etxera ekartzeko ahaleginetan dabiltza herrian, herriko kaleetan nahi dituztelako, han behar dituztelako. Izan ere, kartzelan jarraitzen duten hiru lagunek euren etxeetan utzitako hutsuneaz gain herrian eta bertako eguneroko bizitzan utzitakoaz mintzo dira lagun eta senideak, eta herritik «bahitu» dituzten gazteen izaera eta zaletasunak nabarmendu nahi izan dituzte. Ez lukete, agian, zertan halakorik egin, baina «beraiei buruz esan direnak gezurtatzea guztiz beharrezkotzat» jotzen dute; hain zuzen, komunikabide zenbaitek ematen dituzten bertsioak eta gazteen inguruko datuak «guztiz okerrak» direla uste dutelako.

22 urte ditu Jokin Unamunok eta alaia eta mugitua ez ezik, parrandazale «amorratu» gisa deskribatzen dute. «Hori ere esan behar da! Gainerakoan ez genuke Jokin behar bezala deskribatuko», dio barrez lagun batek. Baina ezer nabarmentzekotan, hori edozertan laguntzeko duen prestasuna dela diote: «Edozer gauza egin behar dela ere, prest agertzen da esku bat botatzeko, nahiz eta beste inork egin nahi ez duen enkarguren bat izan; agian, zalantza egingo du hasieran, aurpegia zimurtuko du, baina inoiz ere ez du ezezkorik ematen; Jokinen hutsa zentzu horretan ikaragarri sumatzen da», aipatu du lagunetako batek. Harekin duten zorra ere tamaina berekoa dela diote. Gauza bera dio Jokinen lankide Fernandok. Zazpi urte daramatzate edari banaketa enpresa batean elkarrekin lanean eta, lagunek esandakoaren aurrean, buruari eragiten dio, baiezko keinua eginez.

Adurrek espetxean bete ditu 22 urte. Musikarako dohain handikoa, inoiz orduan iristen ez den horietakoa dela diote lagunek barrez, «baina, hala ere, zorte handiko pertsona da eta beti iristen da iritsi beharreko lekura». Puntual-puntual joaten da, ordea, entzierroetara, Iruñekora, Faltzesekora eta Tafallakora esaterako, lagunek kontatu dutenez. Afizio handia du gazteak eta Irlandako kamiseta soinean jarrita egiten du korrika zezenen aurrean. Hari esker ezagutzen dute gertukoek telebistan.

Irakasle-ikasketetako laugarren mailako ikaslea, Iñigo Aritza herriko ikastolan urte honetan dagozkion bi praktikaldietako lehena amaitzen ari zela espetxeratu zuten. Manu Gomez ikastolako zuzendariak azaldu duenez, ikastolan eman zituen azken egunak gorabeheratsuak izan ziren oso gaztearentzat. Adur ez zuten polizia operazioan atxilotu eta bere burua aurkeztu zuen deklaratzeko behin baino gehiagotan. «Madrilera joan bezperan gogoan dut mahai honen bueltan eseri ginela eta, zer gertatuko ote zen jakin gabe, ahal bezain laster itzuliko zela agindu zidala. Deigarria da orain ihes egiteko duen arriskuagatik izatea espetxean», aipatu du Gomezek. Musika eskolak eman dizkie ikasleei udazkenean eta datozen asteetan berriz ere itzultzekotan zen ikastetxera bigarren praktikaldia burutzeko. Orain, ikasturtea bertan behera gera ez dadin saiatzen ari dira, baina Adurren aitak, Antxonek, dioenez, unibertsitatean ez dago kasu hauetarako protokolo zehatz eta berezirik eta ez dakite ikasturtea galdu gabe aurrera egiteko moduan izango diren. «Udazkenean egin zituen praktiketan gure balekoa badu eta orain ere gustura hartuko genuke berriz ere gure ikasgeletan», esan du ikastolako ordezkariak.

Ikasketei dagokienez, egoera bertsuan dago Oihan. Zurgintza ikasketak iaz amaitu eta lan munduan barneratzeko zailtasunak zituela ikusita, Gasteizen dekorazioarekin lotutako ikasketak egiten jarraitzea erabaki zuen gazteak eta hartan ari zen irailaz geroztik. «Irakasleak edukiak emateko prest agertu dira, baina espetxean ez dago ikasteko inolako erraztasunik, ez ordenagailurik, ez bestelako erraztasunik», azaldu du bere aitak; beraz, ez dakite «aurrera egiteko moduan izango den». Kirolzale porrokatua da gaztea, eta herriko haur ugari pilota irakaslerik gabe utzi ditu bere espetxeratzeak. «Horietako batzuek gutun bat idatzi zioten, animoak emateko eta berriz ere frontoian nahi zutela esateko», esan du Oihanen neskalagun Maialenek. Hutsune latza utzi du, halaber, herriko kirol ekitaldien bueltan, guztietan ematen baitzuen izena. Ez zuen aitzakia handirik behar: «Kafea hartzera jaitsi eta inor mendira zihoala ikusten bazuen, soinean edozer zeramala ere joan egiten zen hura», kontatu dute umoretsu lagunek. Herriko jaiak antolatzeaz arduratzen diren peñetan ere ez du nolanahiko hutsunea utzi 21 urteko altsasuarrak.

«Hau ez da beste inon gertatu». Irribarrez gogoratzen dituzte lagun eta seme-alabak, eta aurpegiera erabat aldatzen zaie tabernan gertatuko liskarra eta ondorengo egunetan gertatutakoak oroitzen dituztenean. «Hau ez da beste inon gertatu. Taberna batean gaueko ordu txikietan gertatu den istilu bat terrorismo bilakatzea? Hori ez da beste inon ikusi», esan dute elkarrizketan zehar sarritan.

Abendu amaierarako etxean izango zituzten esperantza zuten, baina ordutik beste hilabete ere igaro da. Kartzelatutako zazpi lagunetatik lau askatu zituzten orduan eta egun hura gogoratu du Ramirez de Aldak: «Madrilen Diputatuen Kongresuan geunden jakin genuenean. Pozez hartu genuen lau gazteak etxera zetozela zioen albistea, baina gureak barruan geratzen zirela jakiteak samina eragin zigun aldi berean, sentipen arraroa izan zen». Lagunek ere gauza bera diote: «Etxean nahi genituen, baina denak. Poza eta tristura sentitu genituen aldi berean».

Hala ere, aldez aurretik ere ez zituztela guztiak askatuko pentsatzen zutela onartu dute; besteak beste, «egin duten muntaia polizialari eutsi nahiko ziotelako» eta tantaka etorri behar zuten kaleratzeen lehen tantak zirela pentsatu zuten orduan. Asteak aurrera doaz eta kemenik galdu gabe jarraitzen dute egunez egun.

Egoerara moldatzeko ahaleginetan. Egunean egunekoa bizi beharra barruan diren gazteek ere sumatzen dute. «Egun batean espetxean zer ikas dezaketen pentsatzen hasten dira eta hurrengoan, berriz, kalera irtengo direla eta ikasten hasteak ez duela merezi pentsatzen dute». Lagunek ere sumatu dituzte gora-behera horiek euren gutunetan: «Deigarria izan zen Adurrek idatzi zuen gutun bat. Egun batean hasi zen idazten eta hurrengoan amaitu zuen, eta bistakoa da batean eta bestean zuen aldartea erabat desberdina zela». Kanpoan zain dituztenak ere paretsu ari dira sentitzen. «Batzuetan egun batetik bestera askatuko dituztela uste dugu eta azken asteetan bizi dugun amesgaiztoa amaituko dela; beste batzuetan Euskal Herriari ezarri nahi dioten zigorra gure semeen bizkar jarri dutela iruditzen zaigu; hain da logikatik kanpokoa gertatu den guztia!».

Hala ere, gazteak «egunak aurrera doazen heinean bizi duten egoerara moldatzeko ahalegin handiagoa» egiten ari direla aipatu du Jokinen amak, «kanpora noiz aterako diren pentsatzen jarraitu gabe; datorrena ona bada, askoz hobeto, baina horretan burua erabat jarri gabe». Horrek mesede egiten diela uste du.

Azken batean, barruan duten informazioa senideek emandakoa da –hiruretako biri pasa den astera arte ez zizkieten lagunen bisitak onartu– eta kalean eman zituzten azken egunetan bizitako sentimenduak pilatuak dituzte: «Gertatu zaiena ezin sinetsita daude oraindik». Lagunak ere modu berean daude; ia aldi berean izan ziren pareko liskarrak aipatu dituzte eta ez dute ulertzen zer dela-eta hartu duten hain gogor espetxean dauden hiru lagunen eta mehatxua gainetik kendu ezin duten gainerako lagunen egunerokoa aldrebestu duen kasu hau.

Susmoa dute, halaber, epaiketa ez dela asko atzeratuko eta hori ez da, beraiek esan dutenez, onerako izango: «Argi dugu muntaia poliziala izan dela hau eta berau erabat erori baino lehen egin nahi dute epaiketa». Abokatuen lanari oztopoak jartzea da, beren ustetan, presa horren helburu garrantzitsuena.

Elkartasun keinu ugari. Egoera latz honen aurrean, astez aste bisitetan helarazten dizkieten elkartasun keinuek laguntzen diete bizi dutena samurtzen. Herrian erabateko sostengua sumatzen dute eta handik kanpora ere bai. «Herrian egin zen manifestazio jendetsuaren irudiak ikusi baino ez dago», diote. Hala ere, gehiago nahiko lukete: «Altsasuren izen ona mantentzearen beharraz mintzatu da, alkatea adibidez, baina hori baino gehiago eskatu behar da; oraintxe bertan herri honen izen ona Soto del Real espetxean dagoelako», bota du lagunetako batek.

Elkarbizitzaz egin diren aipamen ugari ere ez dituzte begi onez hartu. «Behin eta berriz eskatzen zaigu herrian nahi ez ditugun pertsona batzuekin nolabaiteko harremana izatea, baina azken asteetan gure lagun artean 1.800 eurorainoko isunak iritsi dira elkarretaratzeetan parte hartzeagatik. Hori da elkarbizitza?», dio elkarrizketan parte hartutako gazteetako batek. Hainbat herritarrek jaso dituzte isunak elkarretaratzeetan parte hartzeagatik.

Bilkurarako erabili den Gure Etxea kultur etxeko horman egutegi moduko bat dago eta bertan daude apuntatuta gazteen askatasuna eskatzeko datozen asteetarako dituzten hitzordu nagusiak. «Ezin dugu etsi, ezin gara geldirik egon. Egunero biltzen gara zer egin dezakegun pentsatzeko, jendeak gure semeak zergatik eta non dauden ahaztu ez dezan ahalegintzeko», azaldu dute gurasoek, semeak espetxetik kanpo eta kasuak «hasieratik behar zuen bidea jarraituta» nahi dutela gogoratuta. «Nik etxean eta erabateko askatasunean nahi ditut; epaituak ez izatea, alegia; hasiera-hasieratik muntaia polizial bat izan delako hau», nabarmendu nahi izan du lagun batek albotik.

Herritarrei elkartasuna eta kasua ez ahazteko eskatzen diete, baina hausnarketa ere bai. «Gure lagunei gertatu zaiena, beste batzuei ere gerta dakieke. Azken batean, inor ez da salbu halako muntaia poliziala jasatetik», aipatu dute.