INFO

Jean-Rene Etchegarayk eta Iñigo Urkulluk bilera egin dute Baionan elkarlana indartzeko

Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria eta Iñigo Urkullu EAEkoa Baionan bildu dira, bi erakundeen arteko harremanak indartzeko. Lankidetzaren transbertsalitatea nabarmendu dute eta, gatazka politikoari dagokionez, biek antzeko ikuspegia dutela adierazi dute.

Jean-Rene Etchegaray eta Iñigo Urkullu, bilera hasi aurretik. (Bob EDME)

Iñigo Urkulluk eskatuta, kortesiazko bilera egin dute gaur Baionan Lakuako Gobernuko lehendakariak eta Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak, erakunde berriaren eta EAEren arteko lankidetza sustatzeko xedearekin.

Bileraren ondoren agerraldia egin dute biek. Etchegarayk adierazi du bilkura «hunkigarria» izan dela eta elkargo berriarekin bi erakundeen arteko harremanen arteko eraginkortasuna indartu egingo dela. Urkullu ere bat etorri da oso pozik zegoela esaterakoan eta aro berri bat hasi dela esan du.

Mugaz gaindiko lankidetzaren transbertsalitatea nabarmendu dute bi lehendakariek, eta helburua Euskal Herriak aurrera egitea dela.

Gatazka politikoaz eta zehazki ETAren armagabetzea jorratu duten galdetuta, auzia aipatu dutela adierazi dute, baina ez dela bilerako gai nagusia izan.

Etchegarayk onartu du François Hollande presidente frantsesari eta Bernard Cazeneuve lehen ministroari gutuna igorri ziela bere harridura adieraziz Luhusoko polizia operazioaren harira 600 hautetsik Parisko Gobernuari eginiko interpelazioaren ondotik erantzunik ez zutelako jaso.

Nolanahi ere, bi agintariak bat datoz ETAren eta indarkeriaren bukaerak ordenatua izan behar duela, Estatuek esku hartu behar dutela eta bizikidetza lortzeko armagabetzea, memoria eta espetxe politika aztertzea oinarrizkoa dela.

Etchegarayk esan duenez, Euskal Elkargoaren eta Lakuaren arteko lan taldea osatuko dute lankidetza esparruak zehazteko eta berak ere bere taldea osatua duenean bisita itzuliko dio Urkulluri Gasteizen.

Nafarroako Gobernuko lehendakaria gonbidatzeko asmoa duen galdetuta, baiezkoa erantzun du.