INFO

Iruñeko haur eskoletan euskaraz matrikulatzeko deia egin du Euskalgintzak

Alde Zaharreko, Sanduzelaiko, Donibaneko, Arrosadiako, Arrotxapeako eta Txantreako haur eskoletan euskaraz matrikulatzeko deia egin du Euskalgintzak, aukera hau izateko urtetan borroka luzea egin behar izan dela gogoratuz.

Iruñeko Euskalgintzaren agerraldia bi haur eskola berrien harira. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Martxoaren 1etik 15era zabalduko da aurrematrikulazioa kanpaina eta euskararen hautua egiteko deia egin dute Euskalgintzarekin batera Behatokiak, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek, Sasoia elkarteak eta Alde Zaharreko gurasoek egin duten agerraldian.

«Pozez esan nahi diegu gurasoei haien haurrak elebidunak izateko aukerak inoiz baino gehiago eta haien etxeetatik gertuago dituztela Iruñean. Eta hau guztia posible dela gaur, urte luzez herritar anitzek lan itzela egin dutelako. Gure zorionik eta eskerrik beroenak hau guztia posible egin duzuen guzti-guztiei», adierazi dute Garbiñe Petriatik (Behatokia) eta Asier Biurrunek (Euskalgintza) guztien izenean.

Dena den, kezka ere azaldu dute, Iruñeko eta Nafarroako belaunaldi berri guztiei ez zaielako euskara ezagutzeko aukera modu orokortuan ematen. «Posible al litzateke pentsatzea administrazio batek guraso batzuei haurrak matematikarik ez jakitea ahalbidetzen duen eskaintza egitea eta beste batzuei matematikak ere ezagutzeko aukera eskaintzea?», galdetu dute, euskararekin egoera hori ematen dela salatuz. 

Honekin batera, Iruñeko Udalak aurreko urtean emandako urratsa txalotu dute, jendarte eragileekin batera lan egin zuelako erabakia hartu aurretik eta hautaturiko eredua euskaran murgiltzearena izan delako. Bide horretan jarraitzera animatu dute.

Nafarroako Gobernuarekin kritikoagoak izan dira, nahiz eta Alde Zaharrean eta Sanduzelain euskarazko lerroak zabaltzeko erabakia txalotu duten. Izan ere, erabaki hori hartzeko ez dute eragileekin kontatu. Honez gain, bi haur eskola horietan euskara eta gaztelaniazko lerroak zentro berean egongo dira. «Eta horrek kezka eragiten digu. Gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu espazio horietan eginen den eskaintzan euskarazko hezkuntza berme guztiekin gauza dadin», gaineratu dute.