INFO

«Ibon Iparragirre lehoietara jaurti dute», dio familiak oso kezkatuta

Ibon Iparragirreren familia hagitz kezkatuta mintzatu da GARArekin, eta ezintasun sentimendu handiarekin. Jakinarazi duenez, preso ondarroarra bi aldiz kolpekatu dute 20 orduren buruan. Lehenago ere erasoak jasana da. «Nahiko genuke arrazoia jakin, baina ez da normala eta espetxe agintariek bere ongizatea bermatu beharko lukete».


20 orduren buruan bi eraso jasan zituen Ibon Iparragirrek, joan den ostiralean bata eta bertzea larunbatean. Jon Kirru anaiak GARAri kontatu dionez, bisita jaso zuen larunbatean eta ziegara bueltan zihoala atzealdetik bertze preso batek kolpe bat eman zion eta konortea galdu zuen. Lurrean esnatu zen.

Funtzionarioek kasu egin zioten. «Nahiko tratu egokia eman zioten beste momentu batzuekin alderatuta. Galderak egin zizkioten erasoa nola gertatu zen argitzeko eta ondoren 11. modulura eraman zuten. Berak behin eta berriz esan izan du 7. modulura eramatea nahi duela, beste euskal preso politiko bat baitago han. Baina eskaera horri entzungor egin diote. Bakarrik egon da espetxealdi guztian».

Agertu duenez, salbuespenezko espetxe sistema aplikatzen zaie euskal preso politikoei eta Ibon, gaixotasun larri bat izatearen ondorioz, katebegirik ahulena da. «Ankerkeria ikusten dugu. Espetxe agintarien erabaki guztiek bere osasun fisiko, psikologiko eta soziala kaltetzeko helburua dute. Erizaindegitik atera eta modulurik gatazkatsuenera eraman dute. Lehoietara jaurti dute».

Erasoena ez da berria, duela bi urte Gotzon Iparragirre bertze anaiak gutun batean salatu zituen Ibonek jasandako jipoiak. Hainbertze erasoren zergatiaz galdetuta, «gustatuko litzaiguke jakitea, baina ez da normala eta espetxeko agintariek presoen ongizatea bermatu beharko lukete», erantzun du Jon Kirruk. «Baina ez dute bide horretan neurririk hartzen; kontrakoa».

Egoera «oso gorabeheratsuan»

Ondarroarraren egoera «oso gorabeheratsua» dela esplikatu du anaiak. «Azkenengo bisitan, nahiz eta aurreko egunean eraso bat jasan, kementsu zegoen, eutsiko diola zioen. Baina handik atera eta segituan beste jipoi bat jasan zuen. Beraz, imajinatzen dut bere egoera ez dela oso ona izango».

Medikuen txostenek adierazten dute sufritzen duen gaixotasun larri eta sendaezina dela-eta ez dagoela kartzelan egoteko moduan, ez direlako behar dituen zaintzak bermatzen. «Hiesa du eta burmuinaren ezker lobuluan orban bat sortu zaio nerbio optikoa kaltetzen diona. Ez da gai egunkariko azaleko titular bat irakurtzeko ere».

Krisi epileptikoak ere izan ditu. Azkenaldian ez, baina arriskua hor dago eta medikazioa hartzen du eragozteko. «Bestalde, seropositiboa da duela urte askotatik eta botika alternatiboen bitartez kontrolatu izan du. Espetxealdi arinduan egon zenean bere terapiek emaitza onak eman zizkioten. Aldiz, berriro espetxean sartu zutenetik nabarmena da bere osasun egoeraren gainbehera».

Defentsak «oso baxu ditu, 70 inguruan (normalean 2.000 inguruan edukitzen ditugu). Hortaz, edozein infekzio txiki hil ala biziko kontua suerta dakioke».

Kezka eta ezintasun handia sentitzen du familiak. «Gauzak egin nahi genituzke gure anaia hortik ateratzeko, baina giltzak dituztenek ematen dituzten pausoak Ibonen egoera okertzeko dira. Guztiz salagarria da, giza eskubideen urraketa nabarmena. Arrazoi bakarra mendeku politika da», adierazi du anaiak.

 

«Denbora da gutxien duguna. Egun bakoitza kalterako da»

«Esperantza ez da sekula galdu behar, baina ez dugu argitasun handirik ikusten», dio Jon Kirru Iparragirrek. «Herritarren babesa daukagu. Elkartasun keinuak eta inplikazioa jasotzen ari gara Euskal Herriko txoko guztietatik. Kanpotik ere bai. Hainbat ekimen egon da nazioartean ere. NBEn Ibonen kontra tortura erabiltzen ari direlako salaketa bat jarria dago, tramitera onartu dutena, baina denbora beharko da erabakitzeko eta hain justu denbora da gutxien daukaguna. Ibon espetxean dagoen egun bakoitza bere osasunaren kalterako da. Kondena oso luzea dauka, 200 urtetik gorakoa, eta atera eta etxean betetzen ez badu ikusten dugu edozein momentutan albiste txar bat jaso dezakegula eta agertokirik txarrenean ipin gaitezkeela».M.I.