INFO

Punta Galea Challenge Surf olatu handien txapelketa, bertan behera

Punta Galea Challenge Surf olatu handien txapelketaren hamaikagarren edizioa bertan behera geratu da, eguraldi baldintza egokirik ez delako eman lehiaketa egiteko. Horrenbestez, bigarren aldiz jarraian ez da egingo Europako olatu handien surf txapelketa zaharrena, Getxoko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.

Punta Galea Challenge Surf txapelketa, 2013ko edizioaren irudi batean. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Antolakuntzak gaur arte itxaroteko epea finkatu zuen eta, itxuraz, dauden olatuen ezaugarriak proba egiteko egokiak diren arren, txapelketa bertan behera uztea erabaki dute, mendebaldeko haize ufada gogorrak iragarri dituztelako. Erakunde antolatzaileak –WSL (World Surf League)– eta surflariek aho batez hartu dute erabakia.

Txapelketarako deialdia abenduaren 16an egitekotan izan ziren, ola ederrak altxatu baitziren Punta Galean, baina Nazareko proba (Portugal) aurre alertan zegoenez, eta lehentasuna zeukanez, atzeratu behar izan zen.

«Ezusteko hau izanagatik ere, Punta Galeakoa proba iraunkorrenetakoa da, asko baitira etengabe bertan behera uzten direnak, eguraldiaren baldintza faltagatik, oso zorrotzak behar baitute izan, hain paregabe eta bikainak diren leku hauetan», adierazi dute antolatzaileek.

Getxoko Udaletik esan dutenez, «orain, zorte handiagoa baino ez da behar hurrengo txapelketan, eta horren itxarote aldia zortzi bat hilabetetan hasiko da, aurtengo urriaren 15ean».

Getxoko proba bertan behera uztearen ondorioz, Twiggy Baker, modalitate honetako BWT (Big Wave Tour) sailkapeneko lehena, munduko txapeldun izendatuko dute ofizialki astearte honetan.