INFO

Loraldiak bere eskaintza indartu du nazioarteko adierazpenen presentziarekin

Bigarren asteari ekin dio Loraldia jaialdiak Bilbon, egitarau oparoarekin. Musika eta dantza nagusi izango diren egun hauetan, antzerkirako eta gogoetarako tartea ere izango da. Euskal sorkuntza garaikidearen erakustaldi hau kulturen arteko zubia izateko asmoarekin ere sortu zen, eta horren erakusle da Bilbora hurbilduko diren nazioarteko gonbidatuen sormen lanak ezagutzeko antolatzaileek eskaintzen duten aukera.


Loraldia jaialdiak bere lehenengo astea bete du, eta Aitor Narbaizak, antolatzaileen ordezkariak, adierazi duenez, «sentsazio onak» utzi dituzte lehenengo ekitaldiek. «Asistentzia oso ona eta maila handiko ikuskizunak» izan direla gogora ekarri zuen atzokoan, aste honetan programaturiko emanaldien protagonista batzuekin egindako agerraldian.

Azpimarratzekoa da Kukai dantza taldeak datorren larunbatean, Campos antzokian, aurkeztuko duen “Kukai&lagunak” izeneko ikuskizuna. 15 urte bete berri ditu euskal dantza eraberritzen eta eraldatzen aritu den talde honek. Jon Maya konpainiaren zuzendariak aitortu bezala, «guretzako emanaldia berezia izango da, jaialdiaren hiru edizioetan parte hartu dugulako».

Urteurrena ospatzeko beren-beregi prestaturiko ikuskizuna pasa den larunbatean estreinatu zuten Donostiako Kursaalen. Eta Mayak azpimarratu bezala, «mundiala izan zen. Guretzako, lagunen arteko topaketa bat bezala hartzen dugulako». Horrela, luzea da agertokian lagun izango dituztenen zerrenda. Besteak beste, Iñaki Salvador, Oreka Tx, Juan Mari Beltran, Sabin Bikandi edota Patxi Laborda.

Xabi Solanok, bestalde, “Trikitixa II” liburua eta “Ereñotzu” diskoa aurkeztuko ditu gaur Iparragirre kaleko Elkar dendan. Biharkoan aldiz, ikus-entzunezkoek hartuko dute protagonismoa, “Euskadi sinfonia filmatua” izeneko film laburra estreinatuko baita Alondegian. UPV/EHUko ikertzailea den Josu Martinezek aurkeztuko du 3D dokumental hori. Film labur historikoa da, Rene Le Hennaff zinemagile frantziarrak Iparraldean filmatua 1936an. Jarraian, Argibel Euba ikertzaileak euskal kulturari buruzko beste bi dokumental aurkeztuko ditu: 60ko hamarkadan bi egile suediarrek eginiko “Basker” eta “Bonde I Baskerland” izenburukoak.

Ostegunean, aldiz, Alondegian programaturiko Meatzaleak egitarauaren barruan, Lutxo Egia idazleak eta Mikel Inun musikariak gogoetarako gonbidapena luzatuko digute “Hiri hori da hiri hau” titulua duen hitzaldi musikatuaren bidez. Lutxo Egiak atzokoan aurreratu zuenez, «hiru zutabe nagusi edukiko ditu emanaldiak; paisaia, Bilbo eta literatura».

Xabi Aburruzagak “Keltik” izeneko lan berria aurkeztuko du ostiralean, Campos antzokian. Horretarako, eta bere estiloari jarraiki, folk zelta festa handia antolatu du Euskal Herritik kanpo etorritako hainbat artistarekin. Gwendal talde ezagunaren sortzaile eta txirula-jotzaile den Bretainiako Youenn Le Berre, Anxo Lorenzo Galiziako gaita-jotzailea, Leongo Pablo Vergara bodharm-jotzailea eta Eskoziako Sophie Stephenson dantzaria izango ditu ondoan trikitilariak. Aburruzagak zera nabarmendu zuen: «Musika irakaslea naizenez, ostiraleko emanaldian nire ikasleak parte hartzen ikusteak bereziago egingo du jaialdia niretzako».

Igandean, Logela Multimediak “DRAG.e” izeneko antzerki familiarra estreinatuko du Alondegian. Eta Campos antzokian, “Euskal kantuak sinfonikoaren bidean” izeneko kontzertua izango da, non musika sinfonikoan eta jazz eremuan itzal luzea duen Aitor Amezagarekin batera, Donostiako Musika Eskolako Orkestra izango den agertokian. Euskal musika taldeen kanturik ezagunenak orkestra sinfoniko baten eskutik entzuteko aukera paregabea izango da. Amezagak azaldu zuenaren arabera, kontzertu horretan, duela urtebete kaleraturiko “Barruan” diskoa jarriko dute eszenan estreinakoz.

 

New Yorkeko Bronxeko kaleko kultura Bilbora

Pasa den urtean harrera ezin hobea jaso zuen “Bilbronx” eremuko bigarren edizioa egingo dute larunbatean, Alondegian. Oraingo honetan, Barakaldoko EH2000 eta Laize talde eta kantari gazteekin batera, Londreseko “Icykal + Laayie” eta rap gordina egiten duen Iparraldeko “2zio” taldeak izango dira. Horrez gain, Lotzen Parkour elkarteak jauzien ikastaro trinkoa eta erakustaldiak eskainiko ditu. La Dotline Tatto Studioren eskutik body modification delakoa zer den ikusiko dugu. Eta Euskal Herriko Scratch Txapelketa ere antolatu dute.R.N.