INFO

Ane Santesteban ospitaleratu egin behar izan dute, istripu batean konortea galdu eta gero

Ane Santesteban txirrindularia ospitaleratu egin behar izan dute, atzo, entrenatzen ari zela, istripua izan eta konortea galdu ostean. Bikote batek aurkitu zuen errepidean botata eta konorterik gabe. Bizikleta, aldiz, zuhaixka batzuen ondoan jarrita zegoen. Ertzaintzak kotxe batek harrapatu eta ihes egin zuela uste du.

Ane Santesteban

Arriskutik kanpo dagoen arren, istripu larria izan zuen atzo Ane Santesteban txirrindulariak. Errenteriakoa Larzabalerako errepidean, odol putzu baten ondoan, aurkitu zuten konortea galduta, ‘Diario Vascok’ jakinarazi duenez. Bizikleta, aldiz, errepidearen albo bateko zuhaixketan ongi jarri zegoen. Ertzaintzak ikerketa abiatu du, kotxe batek harrapatu eta ihes egin zuelakoan.

Txirrindulariak gaua ospitalean pasa du, buruan hartutako kolpe handia dela-eta hainbat azterketa egin behar dizkiotelako. Santestebanek ez du istripua gogoan, baina gaur alta jaso ahal izatea espero da.

Errenteriako Udaltzaingoa lekukoen bila dabil, gertatutakoa argitu asmoz.

Santestebanek berak «dena susto batean» geratu dela iragarri du, eta pedalei «inoiz baino gogo gehiago eta indartsuago» eragingo diela azpimarratu.